Hiru asteburutan jarraian San Migel jaien usainean murgilduko dira urnietarrak eta hara gerturatzen diren gainerako guztiak. Irailaren hogeita zortzian jaia bete betean izango da eta etenik ez da egongo urriaren zazpira bitarte. Hori guztia gutxi balitz, asteburu honetan Gipuzkoako dardo txapelketa jokatuko da Erratzun.
Asteburu honetan ere, Extremadurako lurrarekin lotura berezia dutenek Virgen de Guadalupe koru eta dantza saioekin gozatzeko aukera paregabea izango dute.
SABINA ARRUARTE
Sanmieletako aipamenik kuttunena Sabina Arruarterentzat izango da. Urte luzez euskararen alde egindako lana eskertzeko omenaldia eskainiko diote jaietan. Aiurri astekariari egininiko adierazpenetan pozik agertu da proposamenarekin eta eskerrona adierazi die urtetan ikastolaren alde aritu diren gurasoei. Gipuzkoa mailan, Urnietako ikastola sortzeko mugimendua aitzindarietakoa izan zen Legorretakoa eta Donostiakoarekin batera.
Sanmiel egunean jasoko du ondo merezitako omenaldia Sabina Arruartek.
IÑISTOR JAIA
Datorren asteazkena bitarteko epea dago Iñistor jaiaren barruan egingo den herri bazkarian parte hartzeko aukera. Lagunartean edo familiartean joateko aukera aproposa dela gogorarazi du Iñistor elkarteko Joxeba Lizeaga urnietarrak, “euskaraz ez dakitenei inbidia pixka bat emango diegu, euskaraz zer ondo pasatzen dugun ikusita”. Gonbidapena egina dago.
JAIEN ATARIKOA
Sanmielei ongietorria emateko Preludio musikala izango da larunbat honetan, 20:00etan. Sarrera aldez aurretik eskuratzeko deia egin du Txanbolin taldeak.