Herriko jaietan zer ekitaldi mota izango den ezagutu nahi duenak, hitzordua du gaur, 19:00etan herriko kultur etxean. Egitaraua edota alkate txikiak ezagutaraziko dira.
Hiru asteburu jaietan murgilduta. Modu horretan antolatu dituzte aurtengo Sanmielak. Bihartik aurrera festa kutsua hartzen joango da Urnieta. Xehetasun guztien berri izan nahi duenak, gaur 19:00etan Lekaiora agertu besterik ez du. Egitaraua aurkeztuko da eta baita, Sanmielak iragartzeko erabilitako kartela ere. Hain zuzen, diseinu lehiaketara aurkeztu diren lanak ere erakusgai izango dira. Horrekin guztiarekin batera, irailaren 28an, egun osoz agintari papera beteko duten gazteak, alkate txikiak alegia, nortzuk diren ere ezagutuko da.
Bestalde, adi Argazki Lehiaketan parte hartzeko asmoa duzuenok. Gaur arratsaldeko ekitaldian bertan karreteak banatuko baitira.
Eguna amaitzeko, asteburu osoan luzatuko den ekitaldiari hasiera emango zaio. 20:30etan Erratzun, Dardoka taldeak antolatuta, Gipuzkoako Dardo Txapelketari ekingo baitzaio. Gaur, hiruko taldeen arteko lehia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!