Sega desafioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ira. 18a, 19:42

Jexux Mari Ormaetxea “Urki” eta Andoni Goikoetxea, Jon Lapazaran eta Juan Joxe Lizasoren aurka arituko dira. Urriaren lehen larunbatean, hilaren seian izango da desafioa, 17:00etan hasita, Zizurkil Goiko elizaren ondoko belazean.

Ordubeteko saioa egin beharko dute segalariek. Bikoteka arituko dira, txanda librean eta belar kilo gehien moztea lortzen duen bikotea izango da garailea. Segalari bakoitzak bi sega izango ditu eta bikoteko zortzi belar biltzaile arituko da lanean.

MAILA HANDIKO SEGALARIAK AURREZ AURRE
Goi mailako segalariak dira laurak eta lehia polita izango da urriaren 6koa. Euskal Herriko sega txapelketan aritu dira Urki, Goikoetxea eta Lapazaran. Juan Joxe Lizaso asteasuarra ere segan aritutakoa da eta azken urteotan utzita bazuen ere, Zizurkilen haren jardun txukuna ikusteko aukera izango da. Desafioaren ondoren, gainera, erromeria, sagardo dastaketa eta afaria izango dira Zizurkilen bertan. Beraz, kirolaz gain, jai giroaz gozatzeko aukera bikaina izango da bertatik bertara.
Desafioa ikusteko edota afarirako txartelak salgai egongo dira aldez aurretik, ohiko lekuetan, hamar eurotan. Egunean bertan ere izango da txartelak erosteko aukerarik, hamabi eurotan. Hainbat tabernatan, gainera, porrak ipini dituzte antolatzaileek. Euro bakarraren truke parte hartzeko aukera izango da.
Tolosaldean herri kirolen inguruan lan egiten duen  talde batek antolatu du Zizurkil Goian jokatuko den sega desafioa. Kirol ikuskizuna ziurtatuta dago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!