Galarregi karobia berreskuratzeko lanak aurrera doaz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ira. 18a, 19:41

Galarregi baserriko karobia garbitzen igaro zuten pasa zen asteburua Burdina taldeko kideek. Sastraka eta zikinkeriaz ezkutatuta zegoen karobia, ederki ikusteko moduan jarri zuten Burdinakoek.

Adunako Udalaren deiari erantzunez iritsi ziren Burdina taldekoak Adunara: “Udaletik deitu eta karobiak berreskuratu nahi zituztela esan ziguten. Lehen ikuskatze lanak egin, eta karobi batzuk aukeratu genituen berreskuratze lanak egiteko. Aukeraketa hori egiteko, karobiaren kokalekua, egoera eta morfologia hartzen ditugu kontuan. Galarregi baserriko karobiarekin hasi gara eta hauxe izango da Burdina taldeak 2007an egingo duen azken lana. Eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari bere ondarea berreskuratzeko ahalegina egiteagatik”, azaldu du Burdina taldeko Xabier Arruti, Txankak.
Sastrakak ebaki eta karobiaren inguruan pilatutako lurra eta zikinkeria kentzen pasa zuten asteburua taldeko bolondresek: “Datorren asteburuan karobiaren aurrealdea eta tximinia garbituko ditugu. Aurrerago, karobia mantentzeko beste lan batzuk egin beharko lirateke, izan ere, karobiaren aurrealdeko zati bat erorita baitago”.

KAROBIEN GIDA BATEN BEHARRA
Adunako hamabi karobi ikuskatu dituzte Burdina taldekoek: “Horietatik gehienak berreskuratuko ditugu. Interesgarria izango litzateke berreskuratze lan horiek egin ondoren, karobien gida bat egitea. Horrela, inguruko biztanleek haiek ikusiz, antzinako bizimodua pixka bat ezagutzeko aukera izango lukete. Euskal Herriko baserrietan oso garrantzitsua zen karobia. 1920 inguruan utzi zen haien erabilera”.
Leitzaran bailarako ondarea berreskuratzeko helburuarekin sortu zen Burdina taldea, baina aurten, lan eremua zabaldu eta Andoaingo karobietan lan egiten hasi dira. “Leitzarango lanak egiteko zenbait Udalen eta instituzioen elkarlana eta dirulaguntzak behar-beharrezkoak ziren. Instituzio horien komunikazio arazoak zirela eta, dirulaguntza haiek bukatu ziren eta ezin izan genion lan horri eutsi. Burdina taldeak baditu hainbat proiektu Leitzaran bailaran egiteko, baina instituzioen inplikazioa falta zaigu ”, dio Xabier Arruti, Txankak.

BOLONDRESEN LAGUNTZA
Bolondresei esker lan egiten dute Burdina taldekoek. “Gure auzolandegietan parte hartzeko guri deitu besterik ez da egin behar. Lagun talde polita osatu dugu. 16 eta 60 urte bitarteko jendea biltzen zaigu eta elkar ezagutzeko modu polita da. Gehienak andoiandarrak izaten gara baina, Iruña, Irun, Lasarte eta beste hainbat herrietako jendea ere etortzen da”. Burdina taldekoekin harremanetan jartzeko: 699 487 683 (Txanka) eta 618 758 234 (Jaione).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!