Txapelketa hastear dago. Hurbiltasunak loa galerazten al dizue?
Aritz Garin: Oraindik ez baina bezperan seguruenik bai, eta aurreko egunetan ere larri ibili.
Beñat Iguaran: Loa galerazi ez baina egunean zehar sarri ibiltzen dugu txapelketa buruan. Egia esan, pixkanaka hasi dira nerbioak azaltzen.
Nolatan animatu zarete txapelketan parte hartzera?
B.I: Ni ez nengoen oso konbentzituta baina, bertso eskolan parte hartzera animatzen ninduten behin eta berriz eta azkenean ausartu egin nintzen, azken egunean eman nuen izena.
A.G: Eskolarteko finalera joan eta han kantulagun nituenek atera behar zutela esan zidaten eta ni ere animatu egin nintzen. Orduan beroan eman nuen izena eta orain larri.
Orain arte eskolartekoetan aritu zarete, oraingoa ezberdina izango dela uste al duzue?
B.I: Bai, zalantzarik gabe. Eskolartekora jende gutxiago joaten da ikustera eta ez dauka txapelketa honek adina izen. Noski, prestatu ere hobeto prestatzen zara Gipuzkoakorako.
A.G: Eskolartekoan zure adinkideekin kantatzen duzu eta hemen berriz hamar edo hamabost urte zaharragoekin ariko gara. Oso ezberdina da.
Zer nolako prestaketa egin duzue?
A.G: Astean behin elkartzen gara ordubetez Amaia Agirrerekin. Hasieran mota guztietako ariketak egiten genituen, baina orain, txapelketan kantatu beharreko ariketak lantzen ditugu.
B.I: Etxean ere aritzen gara zerbait. Errimak lantzen batez ere, baina egia esan, gehiegi ere ez gara prestatu.
Egin beharreko ariketen artean, zerk ematen dizue beldur gehien?
B.I: Zalantzarik gabe, kartzelak. Eskolartekoetan ez dugu kartzelako ariketarik izaten eta beraz, berria da guretzat. Kartzelan bi puntu erantzun beharko ditugu eta gero, hiru bertso kantatu gaia jarrita.
A.G: Puntu erantzunari esaterako, jendeak ez dio garrantzia handirik ematen baina, bi bertso dira, eta hor ere puntu ugari dago jokoan.
Zumarragan kantatuko duzue biek. Saio berean kantzatzea mesede edo kalterako?
B.I: Nik uste dut kalterako behintzat ez dela izango. Lagunak izanda, hasi aurreko momentuetan elkarrekin hitz egin edo lasaitzeko ona izango dela uste dut.
Irailaren 29an oholtza gainean izango dituzuen beste bertsolariak ezagutzen al dituzue? Nola ikusten duzue lehia?
A.G: Ezagutu, telebistaren bidez gehienak. Iñaki Apalategi ezagutzen dut pertsonalki baina, besteak ez.
B.I: Saio gogorra egokitu zaigu. Uste dut Apalategi eta Zubeldia ibiliko direla lehen bi postuetan eta gero, Urdangarin ere hor dago. Gainontzeko hirurok ahal duguna egin beharko dugu.
Zein da zuen helburua txapelketan?
A.G: Txukun kantatzea eta inpresio txarrarekin ez geratzea. Hori da helburua.
B.I: Lasai antzean kantatuz gero eta nire buruarekin gustura geratuz gero, nahikoa izango da.
Lehen asteburuko saioak ikustera joango al zarete?
B.I: Bai, igandean Zaldibira edo Hernanira joango naiz, gertuan dira saioak eta ea zer moduzko saioak irteten diren.
A.G: Nik ere joateko asmoa dut, jendea nola dagoen ikusteko besterik ez bada ere.
Oro har, aurtengo Gipuzkoako txapelketa nola ikusten duzue?
B.I: Oso irekia ikusten dut. Maialen ez ateratzeak txapelerako lehia irekiago egiten du, bestela bera izango zen faborito argia eta orain ez dago horrelakorik. Uste dut sorpresa handiak ere egongo direla, sailkapen guztiak saio bakarrera dira eta horrek sorpresarako aukera ematen du.
A.G: Nik ere, txapelketa parekatua ikusten dut, faborito argirik gabe. Gazte asko sartzeak txapelketa irekiago egiten du.