Aerobika, mantenuko gimnasia, yoga, hirugarren adinekoentzako gimnasia, pilates eta ciclo indoor ikastaroak antolatuko ditu Asteasuko kiroldegiak. Iazko eskaintza bera mantendu dute, nahiz eta ordutegietan aldaketa txiki batzuk egin diren. “Egunotan amaituko da izena emateko epea. Martxan jartzen direnean norbaitek izena emango balu eta toki librerik balego, parte hartzeko aukera izango luke. Hala ere, irailaren 22rako ikastaroren batean nahikoa jenderik ez badago, bertan behera utziko dugu”, dio kiroldegiko arduradun den Isabel Dumallek. Ikastaro gehienek 140 euroko prezioa dute, nahiz eta baden salbuespen bat, izan ere, hirugarren adinekoentzat gimnasia ikastaroak 80 euroko prezioa baitu. Izena emateko kiroldegira joan edota 943 693 400 telefono zenbakira deitu behar da.
Ikastaro luzeagoak
Urriko lehen astean jarriko dira martxan ikastaro guztiak eta ekainaren 20ra bitarte jarraituko dute. “Aurreko denboraldian, ekainaren 1ean amaitu ziren ikastaroak, baina aurtengoan, luzeagoak izango dira”, azaldu du Isabelek.
Ikastaroen ordutegi finkorik gabe kirola egin nahi dutenek horretarako aukera zabala izaten jarraituko dute noski. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, goizeko 10:00etatik 11:30etara eta astegunez arratsaldero, 18:00etatik 21:00etara zabalik izango da kiroldegia. Pilotalekua berriz, lanegun zein asteburuetan, 09:00etatik 21:00etara izango da irekita.
Urte osoko abonua egiteak 95 euroko prezioa du helduentzat, 70 euro hogeita bat urte arteko gazteentzat eta berrogeita hamar jubilatuentzat. Hiru hilabeterako izen-ematea 40 euro kostako da, hilabetekoa 20 euro eta eguneko sarrera bi euro. Inguruko herrietako jendeari ere ematen zaio Asteasuko kiroldegian izena emateko aukera. Prezio berdinak mantentzen dira guztientzat.
Kiroldegiko abonatua izateak muskulazio gela, sauna eta lurrun bainua erabiltzeko eskubidea ematen du. Gainera, urtean zehar kiroldegian antolatutako ekintzetan %20ko beherapena egingo da.