Zumeako haur parkea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ira. 18a, 19:35

Abuztuko lehen egunetan zabaldu zuten Zumea plazan haur parkea. Erabiltzaileen iritzia biltzen aritu da Aiurri.

Zumea plaza zabaldu zutenetik bada inor gutxik estimazioa erakusten dion elementua: ditxosozko eskultura. Ditxosozkoa, zeresana eman duelako. Hasteko, herritarren artean. Arterik ez diote aurkitzen eta formaren inguruan sortutako komentarioak askotxo dira. Ezin hemen denak aipatu: Txapela deitu dionik bada. Eta muturrera joanda, mataniños… Ez zuen bada, artelanak, onespenik izan. Plazatik kentzeko sinadura bilketa eta guzti egin zen. Eta oraindik orain, aurkako mugimendua baretu arren lagun gutxi izaten jarraitzen du.
Bereziki, plaza denboraren poderioz parke batean bilakatu delako plaza. Gaur egun, Andoaingo erdigunea dela esan daiteke. Goikoplaza baino erakargarriagoa. Haurrez, gurasoz eta herritarrez betea dago parkea. Asteburuetan, gainera, otordu ezberdinetan inguruetako herritarrak gerturatzen dira Zumea plazara.

Haur parkea
Abuztuaren hasieran haur parkea zabaldu zen. Plazaren handitasunean txiki samarra dirudi, baina besterik ezean, familia askoren topagune bilakatu da. Finean, famili horien guztien agerpenaren ondorio da parkea egin izana. Pausu bat aurrera eman da, zerbitzu bat betetzeko egokitu dutelako plazaren zati bat. Iturria edota komun publikoak egokitzea lirateke hurrengo pausuak. Eta eskultura? Hor zegoelako iraungo du, kentzen duten arte. Kentzen badute. Egun hori iritsiko balitz, gutxik botako lukete faltan.

IRITZIA PARKEAREN INGURUAN
Ane Amondarain

“Parkea eskasa da, dagoen leku guztirako. Gainera, soilik haur txikientzako egokitu dute. 6 urtetik gorakoentzat ere egokitu beharko zen parkea. Iturria falta da eta parke inguruan ere pini beharko lirateke eserleku gehiago, baloiarekin dabiltzan haurrei kalte egin gabe. Nire aldetik eskultura kendu eta aterpea izango duen kioskoa ipiniko nuke”.

Ainhoa Rodriguez
“Badirudi, eskultura dela eta bizilagunen kexak isilarazteko ipini dutela parkea. Eskasa da, txikienentzako soilik egokitu dute eta besterik ez dagoenez helduagoak ere hor ibiltzen dira, askotan gorabeherak sortuz. Parkea egiteko garaian, Andoainen bertan tren geltokiaren atzekaldean ipini dutena eredugarri da. Egokia eta adin tarte ezberdinetarako prestaturik dago. Horrelako plaza handi batean antzeko parkea ipini beharko litzateke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!