AEK euskaltegiak helduen artean euskara hobetzeko ikastaroa antolatu du, Alfabetatze ikastaroa izenekoa. AEK-ko arduradunek euskaldunzaharrak nahiz euren euskara maila hobetu nahi dutenak animatu nahi ditu talde giroan ikastera. Ikasleen artean zehaztuko da ordutegia eta gutxi gora-beherako ordutegia goizeko 09:00etatik 11:00etara izango da. Ikastaroaren inguruko informazio gehiago jakin asmoz, Agurtzane Sarasolak, euskaltegiko kideak eman ditu argibideak:
Euskalduna izanda, euskara maila hobetu nahi duenik izango da. Praktikan zein alorretan trebatuko zenukete ikaslea?
Agurtzane Sarasola. Alor guztiak dira garrantzitsuak baina, honelako ikastaroetan, batez ere, idazketa eta irakurmenaren ulermenari ematen zaio garrantzi gehiena. Euskaldun askok ez du ahozkotasunean inolako oztoporik, euskara jatorra eta aberatsa egiten dute, baina, aldizkari eta egunkarietan erabiltzen den euskara batua ulertzeko izaten dituzte zailtasun gehien, eta baita idazmenean ere.
Nor izan ohi da normalean alfabetatzeko beharra duena?
Agurtzane Sarasola. Normalean 40 urtetik gorako jendea izan ohi da, euskara etxean edo kalean ikasi dutenak. Hauek euskaltegira motibazio ezberdinek bultzatuta etortzen dira: etorkizun batean titulu bat lortzeko asmoa dutenak, baina horretarako, lehenengo prestakuntza beharrezko dutenak; Berria eta aldizkari ezberdinak eroso eta erraz irakurri nahi dituztenak; hitz egiten duten erraztasun berarekin bere ama hizkuntzan idatzi nahi dutenak…
Bi ordu horietan zer nolako ariketak, lanak egin behar izaten dira?
Agurtzane Sarasola. Bi ordu horietan mota guztietako ariketak lantzen dira. Gramatika ariketak egiten dira; Berria eta aldizkari ezberdinetako artikuluak lantzen dira; hiztegia aberasten da sinonimo eta bestelakoen bidez; hizkuntzarekin loturiko jolasak ere egiten dira modu atseginean ikasteko; idazmena lantzeko truko ezberdinak lantzen ditugu...
Zalantzak dituenari, zer esango zenioke?
Agurtzane Sarasola. Lagunarte giroan gauza asko ikas daitezkeela eta alor guztietan euskaraz bizi eta euskara disfrutatzeko aukera paregabea dela.
Andoaingoak ez ezik Aiztondokoak ere gerturatu nahi dituzue, ezta?
Agurtzane Sarasola. Bai. Garai batean Aiztondoko herri batzuetan antolatu ziren honelako ikastaroak, Adunan esaterako, eta oraindik inguruko herrietan ere izango da bere burua jantzi nahi duenik.
Ikastaroa Andoaingo AEKn emango da eta izena eman edota informazio gehiago nahi duenak 943-591704 telefonora dei dezake. Bestela Andoaingo AEKk Extremadura kaleko 5 zenbakian duen egoitzara gertura daiteke.