Herri ostatua taberna eta jatetxea berriro zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ira. 18a, 19:32

Uztailaren 24an zabaldu zuten ostatua, urtebetez itxita egon ondoren. Gemma Virgala eta Tomas Prieto donostiarrek hartu dute  eta gustura ageri dira herritarren harrerarekin.

Bereziki jende gaztearengan pentsatuz prestatu dugu gure eskaintza. Herrian bikote gazte ugari bizi da eta askok haur txikiak dituzte. Badakigu egoera horretan gastu handiak izaten direla eta ezin dela diru asko gastatu etxetik kanpora otorduak egiten. Horregatik saiatu gara prezio oneko eskaintza egiten. Plater konbinatuak, entsaladak, bokadiloak, sandwitchak… eskaintzen ditugu eta jendea gustura etortzen da. Gainerakoan, beti izaten ditugu ohiko salda, txorizo edota haragi egosia ere”, dio Gemmak.

Ostalaritzan aritutakoak dira Gemma eta Tomas: “Pabiloi industrial batzuetan genuen jatetxea. Goizean oso goiz jaiki, eta egunero otordu asko ematen genuen. Bezero gehienak langileak ziren eta beti presaka izaten ziren. Oso nekagarria zen. Nire anaia baten bidez jakin genuen Larraulgo ostatuak urtebete zeramala itxita eta animatu egin ginen. Hemen beste erritmo batean lan egiten da, jendeak ez du horrenbesteko presarik izaten. Hasieran bagenuen beldur pixka bat ez dugulako euskara menperatzen, eta hau, oso herri euskalduna da. Tomasek nik baino hobeto ulertzen du eta ni ere saiatuko naiz ikasten”.

ZABALIK GOIZETIK GAUERA,
ASTEARTETIK IGANDERA
Asteartetik igandera zabaltzen dute ostatua. “Goizeko 09:00ak aldera irekitzen dugu eta  gauean, jende mugimenduaren arabera ixten dugu. Astegunetan nahiko lasai aritzen gara, baina asteburuetan jende ugari hurbiltzen da. Pixkanaka jendea gu ezagutzen ari da”, azaldu du Gemmak.
Aurrerantzean, mus txapelketa martxan jartzekotan dabiltza Gemma eta Tomas eta haurrei begira, beste joko batzuk ekartzeko asmoa ere azaldu dute: “Apal batzuk jarriko ditugu joko ezberdinekin: partxisa, ajedreza, damak…”.
Hirurogei pertsonentzako jangela du ostatuak eta dagoeneko eskaini dituzte talde handientzako otorduak ere. “Aurretik esanez gero taldeak ere hartzen ditugu. Laster, esaterako, familia bat etorriko da bataio bat ospatzera”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!