45 minutuko hiru partida jokatu ziren. Lehenengoan, Idiazabal eta Urnietako taldeen artekoa golik gabeko berdinketarekin bukatu zen. Bigarren partidak, Idiazabal eta Ostadarren artean jokatutakoak, emaitza berdina izan zuen. Hirugarren eta eguneko azken partidan Ostadar eta etxeko taldeak banako berdinketarekin bukatu zuten. Beraz, taldeen arteko berdintasuna nagusitu zen. Gauzak horrela penaltietara erabaki zen guztia. Etxekoak ez ziren oso fin ibili eginkizun honetan eta ondorioz hirugarren postuarekin konformatu beharrean izan ziren. Bigarren postua Idiazabal taldeak eskuratu zuen, eta edizio honetako txapeldunak Ostadar taldekoak izan ziren.
Anbulantziarik ez
Hala ere, ez ziren oso pozik etxeratu lasartearrak; azken partidan, zoritxarreko jokaldi batek, taldeko jokalari baten lesio larria eragin zuelako. Partidak, txukun antolatua zirudien (linier eta guzti) baina…behar zenean, ez zegoen anbulantziarik. Oraindik orain, abuztuaren azken egunean, antzeko egoeran, Andoainen, Hernani eta Euskalduna taldeak jokatutako Larramendi txapelketan, hantxe zegoen anbulantzia. Esan beharrekoa da, baita ere, anbulantzia etortzerako denbora luzea pasa zela, luzeegia. Eta denbora luzea horretarako izanagatik, anbulantzia heldutakoan, futbol-zelaira sartzeko erabili behar zuen ateak, oraindik itxita jarraitzen zuela. Azkenean, lasartearrak kandadua puskatu zutenean sartu zen anbulantzia zelaira.