Beraz, ostiral arratsaldetik hasi eta igande gauera bitartean, Sorabillan ez zen egon aspertzeko betarik. Ostiraleko txupinazoa, toka txapelketa, zikiro afaria eta gaueko musika emanaldiaren ondotik, hurrengo egunean, goizeko seietan jaiki ziren sorabillatar batzuk. Ohitura den bezala, baserriz baserri ibili ziren oilaskoak biltzen. Arratsalde partean, berriz, haurrak izan ziren protagonista nagusi. Euren gozamenerako, hamaika jolas ezberdin izan zituzten eskura. Asko eta asko, puzgarrietan jauzika ibili ziren nekeak gainditu arte, eskulanetarako abilezia erakusteko aukera ere izan zuten tailerretan, zaldi-gurdiz ibilaldiak egin zituzten… Hori guztia nahikoa ez, eta ondoren urduritasun uneak eta korri egiteko momentua iritsi zen buruhandien irteerarekin. Hala ere, gustuko bidean aldaparik ez, eta horixe gertatu zitzaien gaztetxoenei; nekaezinak ziruditen.
“AUPA SORABILLA” TXARANGA
Aurtengo berrikuntzen artean, ezin aipatu gabe utzi “Aupa Sorabilla” txaranga herrikoia. Buruhandien ostean, lehen aldiz kalera atera zen auzokidez osatutako txaranga berri hau. “Jujui ekimenaren barnean, musikarik ez dagoen lekuan musika jartzea eta belaunaldi ezberdinetako musikariak harremanetan jartzea da gure asmoa” azaldu du Xabier Huitzi bertako partaideetako batek. Batez ere, auzokideek osatua da baina inguruko herrietako jendeak ere parte hartzen duela azaldu du Xabierrek. Azken batean, txaranga irekia dela azpimarratu nahi izan du.
Adin ezberdinetako hamahiru bat lagunek osatzen dute “Aupa Sorabilla”. Haur, gazte eta helduak, denak elkarrekin aritu ziren txoko guztiak alaitzen. Besteak beste, Txuri urdin, Goiburu, Larramendi, Aita Jainkua, Pasakalia…eta beste hainbat kantu ezagunetaz gozatzeko aukera aparta izan zen Sorabillan.
Txarangaren kantuak entzun bitartean, indarrak berreskuratzeko ere izan zen tarterik. Iluntze aldera, patata tortilla pintxoak dastatzeko aukera izan baitzen. Prestaketa lanetan zebilen Antton Rekondoren hitzetan, patata tortilla lehiaketa baino probaketa dela adierazi zuen. Honela, auzokideek eginiko hamabi tortilla zati txikitan egin eta inguratu zirenen artean banatu ziren. Hala ere, jateko kontuak ez ziren hor bukatu; jarraian, sardina jatea baitzegoen.
Irailaren bederatzigarren eguna, igandea eta jaien azken txanpan sartu ziren Sorabillako auzotarrak. Azken eguna izateak, ordea, ez zuen inondik ere jai-giroa zapuztu. Musikarako, kirolerako eta jan-edanerako eskaintza zabala izan baitzen Sorabillako jaien azken egunean ere.
Inkesta:
1- Zer moduzko esperientzia izan da? / 2- Zein instrumentu jotzen duzu? Aspalditik? / 3- Asko entsaiatu behar izan duzu? / 4- Erraza egiten al da jendea dantzan jartzea edo kostatu egiten da? / 5- Datorren urtera begira, berriz ere ateratzeko asmorik bai?
ALEX HUITZI
1.- Oso ona. Urtean zehar klasean ikasitakoa plazaratzeko baliagarri da. Gainera oso ongi pasatzen dugu giro ona dagoelako gure artean.
2.- Tronpeta jotzen dut. Orain dela zortzi urte inguru hasi nintzen ikasten Andoaingo musika eskolan.
3.- Ba egia esan, entsegu batzuk egin behar izan ditugu. Gainera, gauza bat da partiturekin jotzea eta bestea, berriz, kantu guztiak buruz ikasi eta inora begiratu gabe jotzea. Agian, hori izaten da zailena.
4.-Ez da erraza, kosta egiten da. Dagoen giroak asko eragiten du, eta gehienbat haurrak dira animatzen direnak. Gaurkoan behintzat bai.
5.- Bai. Berriz ere aukera sortatuz gero hemen izango gara!
ARANTZA ETXEBERRIA
1.- Ondo ari gara pasatzen. Sorbaldak pixka bat kargatu zaizkit baina gustura.
2.- Txindatak. Ez daramat denbora asko honetan. Errepublika egunerako lagun batzuk gaztetxean entsaiatzen hasi ginen. Eta hortik, atzo bertan, “Aupa Sorabilla” txarangako batek deitu zidan txindata batzuk lortuko zituztela eta etortzeko esanez. Horixe egin dut.
3.- Ez, nirea bat batekoa izan da; bat ere entsaiatu gabe etorri naiz.
4.- Txaranga eta bere doinuak dantzarako dira. Baina azken aldian, nik uste, dantza gutxiago egiten dela. Haurrak dira lehenik animatzen direnak, eta ondoren, atzetik gurasoak.
5.- Bai, bai! Ni txindatak jotzeko prest izango naiz.