Igande gauean edota beranduenez jota, astelehen goizean abiatzekoak ziren Loiuko aireportura eta handik etxera. Baina ez esku hutsik. Opariekin, udan senitarteko izan dituztenen aldetik jasotako maitasunarekin eta ahal bezain beste lehengaiekin. “Bi sentimendu mota nahasten zaizkie. Itzuli nahi dute, baina aldi berean, gu guztiok Saharara eraman nahi gaituzte”, adierazi du Andoaingo Gizarte Zerbitzuetako arduradun Ana Sanzek.
Segituan pasa zaie uda, ez baitute aspertzeko betarik izan. Goizero ekintzak, senitarteko berriekin oporretara... Eta herrialdean dauden haur sahararrentzat festak. Hain zuzen, uda pasatzera datozenak elkarrekin egoteko aukera asko dituzte. “Tarte horrek haien hizkuntzan elkarrekin komunikatzea ahalbidetzen die. Oso garrantzitsua da haientzat”, baieztatu du Sanzek.
AGURRA
Pasa den irailaren 6an egin zieten agur festa Andoainen, hilaren 7an Urnietakoei. Esker hitzak baino ez zituzten izan senitartekoentzat. “Norbere oporraldian urtez urte etxean haur bat hartzeko prest izatea, eskertzekoa da. Parte hartzen duten familiak berez potentzialki solidarioak dira”, adierazi du Sanzek. Urnietako udaleko alkate Mikel Izagirrek esker hitzak izateaz gain, sahararrek duten erabakitze eskubidea aldarrikatu eta gatazka honetan, aldian aldiko gobernu espainiarreko agintarien jarrera gaitzetsi zuen. Horren haritik, Udaletik aurrerantzean ere laguntza ematen jarraitzeko nahia berretsi zuen.
ABENDUAN, SAHARARA
Ezin jakin, azken unera arte, ez baita erraza bertarako bidaia antolatu eta gauzatzea, baina hori da Eva Etxeberriak eta bere izeba Mirentxuk duten asmoa; urte amaieran, iaz bezala, Saharara itzultzea. Haiekin udan bigarren urtez egon den haurra, Hadiyetu, non eta nola bizi den ezagutzeko aukera izan zuten iaz. Esperientzia gogorra izan zen. “Ez dute ezer. Han dutena, hemendik eramandakoa da. Hadiyetu ogi koskor batekin joaten da eskolara”, adierazi du Mirentxuk.
Hona etortzean asko baloratzen dute guk soberan ditugun gaiak; janaria, baina batez ere, ura eta bizikletak. Eta Euskal Herritik heltzen zaien elkartasuna oso gogoan dute; duten gutxi hori beti partekatu edota oparitzen baitiete euskal senideei. “Handik opariz beteta etorri ginen. Udan, poltsan opariak ekarri ditu”, gogorarazi du Evak. Bizi duten egoerak haien izakeran eragin zuzena du. “Hamar urte izateko oso heldua da”, gaineratu du Etxeberriak.
Senitarteko askorentzat, bizitako esperientzia ez da uda partera mugatzen. Udazkenean, abenduko bidaiaz gain, urtarrila partean antolatuko den oinarrizko gaiak biltzeko kanpaina prestatzeari ekingo diote. Urtean zehar ere etenik ez du beraz, haien elkartasunak.