Euskara ikasteko diru-laguntzak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ira. 12a, 14:34

Maixabel Arrieta Villabonako alkateak eta Mari Angeles Lazkano Zizurkilgo alkateak gaur eguerdian aurkeztu dute Villabonako udaletxean "Egiozu hozka!" ekimena. Euskaraz ikasteko laguntzak eskainiko dituzte bi Udalek.

Dagoeneko zabalik da euskara-ikastaroetan izena emateko epea

Ireki da dagoeneko Villabona edo Zizurkilen euskara ikasteko izena emateko epea. Hilaren 28ra arte euskara ikasi nahi duen jendeak izena eman dezake Villabonako Euskara Zerbitzuan, eta talde homogeneoak sortuz gero, ikastaroak Zizurkilen edo Villabonan bertan antolatuko dira, ikasleek inora joan behar ez izateko. Udalak matrikularen %75 arte ordainduko du (gehienez ere, 400€). Horrez gain, Mintzalaguna programan parte hartuz gero, %10 gehituko zaio ikasleak jaso beharko lukeen diru-laguntzari. Urrian emango dute Villabonako eta Zizurkilgo Udalek Mintzalaguna programari buruzko informazioa eta orduan irekiko da izena emateko epea.

Diru-laguntzak eskaintzeko ondoko baldintzak bete beharko dira:

-Villabonan erroldatua egotea.

-Gutxienez, %85eko asistentzia.

-Aldeko txostena errendimenduari dagokionez.

-Matrikula ordainduta izatea.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Villabona edo Zizurkilgo Udaletara jo daiteke: 943 693501 (Villabonako Euskara Zerbitzua) edo 943 692 495 (Zizurkilgo Udala)




AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!