Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketa, deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ira. 11a, 20:47

Irailaren 30a iristearekin batera amaituko da 2007ko Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketan izena emateko epea. Aukera aproposa eskualdeko gazteentzat. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean  egoitza duen  Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatu du.

Parte hartu nahi duenak bakarka, binaka edo taldeka kanta dezake, beti ere, ondorengo bi baldintzak betetzen baditu: 16 urte edo gehiago izatea eta euskarazko diskorik bere izenean atera ez duen kantari edo taldea izatea.
Datorren hilabetean, urrian zehazki, izango da aurten txapelketa, eta finalaurrekoa gainditzen duten kantariak finalera pasako dira. Parte hartu nahi dutenek e-postaz edota telefonoz jasoko dute informazio guztia (posta@kantuzale.net / 943-593302).
Gipuzkoan lehendabiziko aldiz, urtebeteko tartea egongo da edizio batetik bestera. Datozen urteei begira ere, Gipuzkoako Kantu Txapelketa urteroko zita bilakatzea da Euskal Kantuzaleen Elkartearen asmoa.

Txapelketaren helburua
Euskaldunok kantatzeko daukagun ohiturari eutsi eta hori sustatzea da Euskal Kantuzaleen Elkarteak txapelketaren bidez lortu nahi duen helburuetako bat. Era berean, euskal kantuaren arloan dugun errepertorio aberatsa ezagutzera eman nahi du txapelketak. Bide batez gainera, kantari gazte eta berriak elkartzea erraztu nahi du elkarteak ekimen honen bidez.
Sariez gain, epaimahaiak aparteko sari bereziak eman ditzake sormen lana, galtzear dauden kantak berreskuratzeko ahalegina edota ahots soilez egindako interpretazioa baloratzeko garaian.
Gipuzkoako finalean saritutakoen artean, puntuazio handiena duten hiru partaideak, Gipuzkoako ordezkariak izango dira Euskal Herriko finalean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!