Santio jaiak amaitu eta hiru egunera, Oinkari dantza taldeko 60 bat kide abiatu zen Europako iparraldera, Triangle-folklore jaialdian parte hartzera. Dantzariak eta musikariak, gogoz eta ilusioz betetako bi autobuska. Eneritz Ugartemendia eta Ioritz Galarraga dantzariek azaldu dute egonaldiaren berri, “guztira 11 egun igaro ditugu Danimarkan eta inguruetan. Jai egunen bat izan dugu tartean, baina ia egunero eskaini ditugu dantza emanaldiak. Ukraina, Hungaria, Danimarka, Mexiko, Taiwan, Nepal, Ekuador, Italia, Portugal edo Indiako taldeekin batera aritu gara. Hamabost lurralde ezberdinetako dantza taldeek hartu dugu parte jaialdian eta txandaka-txandaka, hamar minutu, ordu erdi edo hiru ordu laurdeneko emanaldiak eskaini ditugu”. Gustura itzuli dira dantzariak, “oso esperientzia polita izan da. Oso ondo ibili gara nahiz eta, zertxobait nekatu ere egin garen: egun batzuetan hiru emanaldi ere eman ditugu. Hala ere, zalantzarik gabe, merezi izan du”, diote biek aho batez.
Dantza trukea gauez
Vejleko Arte ederretako eskolan kokatu ziren jaialdian parte hartu zuten dantza talde guztiak eta eguneko emanaldiak amaituta, dantza trukea egiten zuten. “Gauetan, dantza talde bakoitzak beren dantzak erakusten zizkien gainerako taldeei. Guri Mexiko eta Taiwango dantza taldeak gustatu zitzaizkigun gehien. Mexikarrek gonen mugimenduari jarraituz egiten zuten dantza. Taiwandarren artean ez zegoen mutil dantzaririk. Denak neskak ziren. Mutilak musika jotzeaz arduratzen ziren. Oso ohitura zorrotzak zituzten. Goizeko zazpietan hasten ziren entseatzen”.
Oinkariko taldekideek dantza tradizionalak eskaini zituzten gehienbat. “Gipuzkoar dantzak, banakoa, fandangoa eta arin-arina… Xuletinoak ere dantzatu genituen jolas parke batean. Hangoei mugimendua zuten dantzak gustatzen zitzaizkien gehien. Argi nabaritzen zen hori txalo egiteko moduagatik”. Txalo egiteko modu berezia zutela aipatu dute dantzariek, “denek batera egiten zuten txalo, erritmo bera jarraituz”.
Oinkarikoek euskal txapelak
Jaialdian parte hartu zuten talde guztiek, euren kulturarekin lotutako opariak eraman zituzten elkarren artean trukatzeko. Oinkarikoek, Oinkari dantza taldea. Danimarka 2007 brodatuta zuten txapelak eraman zituzten. “Portugaldarrek esaterako, bastoiak banatu zituzten”. Jaialdiaren amaieran, antolatzaileek artifiziozko suak eskaini zizkieten parte hartzaileei esker ona erakusteko.
Emanaldiak zirela eta, Danimarka ezagutzeko aukera handirik izan ez zutela azaldu dute Oinkariko kideek baina, bidean geldialdi bat baino gehiago egin zutela. Brujas eta Brusela ezagutu zituzten joaterakoan. Colonia eta Paris itzuleran. Dantzari sena barruan daramate zalantzarik gabe, “emanaldietatik kanpo, Bruselako plazan dantzan hasi ginen trikiti doinuekin. Ikusle asko bildu zen bat-batean, borobilean jarri ziren gure inguruan”.
Irailaren hasieran ekin diote berriz dantza entseguei. Oraindik ez dakite epe laburrera emanaldirik izango ote duten, baina horrelako beste bidaia bat egiteko gogoz itzuli dira. “Ea hurrengo urtean ere horrelako beste aukeraren bat sortzen den. Hala bada, gu pozik”.