Pablo Etxeberria, Iñaki Lizaso, Igor Alejo eta Sergio Sanchezek, denboraldi berriaren eta pilotaren egungo egoeraren inguruan hitz egin dute. Pilota, Villabonak duen kirolik bereizgarriena dela uste du laukoteak; tradizio gehien duena, baina gazteen artean futbolak gaina hartzen duela inongo zalantzarik gabe. “Bai izena emateko garaian, baita partidak ikustera joaterakoan ere”. Iñaki Lizasok eskuz jokatzeaz gain, haur eta gaztetxoak entrenatzen ditu. Maila ezberdinetan, 50 pilotari gazte baino gehiagok jokatzen du eskuz. “Denboraldi berriari irailaren 17an emango zaio hasiera. Izen-ematea zabalik da dagoeneko. Astelehen eta asteazkenetan txikienek entrenatzen dute, astearte eta ostegunetan helduagoek. Ostiral iluntze edo larunbat goizetan, astero izaten dira partidak Amasan. Baina zenbat jendek daki hori?”. Iaz oso emaitza onak lortu zituzten txapelketa ezberdinetan nahiz eta lorpen haiek, oihartzun handirik izan ez zuten. Aurten ere gogo berarekin jarraituko dute. Errebotean, berriz, zailagoa da soka osatzea. Igor eta Jon Alejo, Sergio Sanchez, Xabi Aiertza, Xabi Mitxelena, Aratz Luisa, Egoitz Bengoetxea, Jokin Altuna, Aitor Esnaola eta Iñaki Lizaso errebote jokalariak daude egun Villabonan. Lehen bostek jokatzen dute oro har, baina gainerako bostak ere tartekatzen dira behar denean. “Lehengo pilotari berberak mantentzen gara errebotean. Atzetik datozenak oso gazteak dira. Guk utziz gero, akabo!”. Esku pilotako taldea kantera modura ere erabiltzen dute. “Errebotean jokatzera animatzen ditugu pilotari gazteak”.
Pilotaleku berria
Epe laburrera amaituko dute kiroldegiaren ondoan eraikitzen ari diren pilotaleku berria. Behar Zanako kideak zain-zain daude. “Villabonako arazoa, azken ia hogeita hamar urte hauetan pilotaleku estalirik ez eduki izana da. Gu gaztetxoak ginela, eskolatik atera eta frontoi motzera joaten ginen korrika jolastera”, azaldu du Pablok. Azken urte hauetan Villabonan frontoi estalirik ez egoteak, neguan bereziki, baldintzatu egin du pilotaren egoera hizlarientzat. “Amasa ez dago urrun baina, neguan igo egin behar da”. Pilotaleku berriak pilotariak erakar ditzakeela uste dute baina, ez pilotariak bakarrik, “baita ikusleak ere. Kiroldegiaren ondoan egongo denez, pasaeran egokituta ere, edonor errazago gerturatuko da partidak ikustera”.
Enrike Abril txapelketa
Irailaren 16an hasiko da Enrike Abril errebote txapelketa. Zortzi bat talde lehiatuko dira. Horien artean iparraldekoak dira gehienak, “Oiartzun, Zubieta eta Villabonako taldea kenduta, iparraldekoak dira gainerako talde guztiak”. Villabonako taldearentzat, jokatzen duten txapelketa garrantzitsuena da, “hegoaldean iparraldean baino garrantzia handiagoa ematen diogu txapelketa honi. Txapelketa pribatua denez, Gipuzkoako taldeak etxean jokatuko dugu beti”. Aurten gainera, txandaka izaten denez, finala Villabonan jokatzea egokitzen da. “Ezin da jakin zenbat denbora iraungo duen txapelketak. Eguraldiaren menpe ibiltzen gara beti baina, pare bat hilabete irautea litzateke normalena”. Ezaugarri ezberdinek egiten dute berezi txapelketa pilotarientzat, “herrian jokatzen dugu beti eta alde horretatik, erosoa da guretzat. Tradiziozko txapelketa izateaz gain, gure plazan jokatzen dugu. Enrike Abril, herritarrek gehien jarraitzen duten txapelketa da, zalantzarik gabe”. Hala ere, parte hartzaileen aldetik indarra galtzen ari dela uste dute. “Duela 10 urte, 16 talde biltzen ginen gutxienez. Orain 10 elkartzeko nahikoa lan izaten da. Pena da, iparraldekoek garrantzia handiagoa ematen die bertako txapelketei. Han 20 taldetik gora elkartzen dira”. Pilotaren etorkizuna indartu nahian, lan handia egiten ari da Behar Zanako hainbat kide; bai antolakuntzan, bai gazteak entrenatzen, bai jokatzen. Zorte on guztiei.