Asteasuko baserritarren ganadua jarri ohi da urtero ikusgai Iturriondo atzeko belazeetan. Behiak, ardiak, ahuntzak, astoak, zaldiak… Aurten ere hala egingo dute, baina horrez gain, berrikuntza bat ere izango da, izan ere, esne behien erakustaldi berezia egingo baita. Asteasuko esne behi batzuk aukeratu eta mikrofono bidez, behi horien ezaugarri berezienak nabarmenduko dituzte. Morfologia aldetik dituzten ezaugarriak, ekoizten duten esne kopurua… Xabier Pellejero albaitaria arduratuko da azalpen horiek guztiak emateaz. Ezaugarri onenak biltzen dituen behiak, gainera, sari berezia jasoko du oroigarri gisa.
Bestalde, iaz ikusmin handia sortu zuen mikologia erakusketa antolatuko da aurten ere. Aranzadi elkarteko adituak arduratzen dira perritxikuak bildu, mota ezberdinak sailkatu eta erakusketa antolatzeaz. Iaz 120 espezietik gora jarri zuten ikusgai Asteasuko pilotalekuan eta zaletuek, espezie horien izenak eta ezaugarriak ezagutzeko aukera izan zuten. Asko eta asko izan ziren mahai luzearen inguruan bildu eta ikusmiran ibili zirenak.
Saski lehiaketa
Horrez gain, perritxiku saskien lehiaketa egingo da aurten ere. Iaz, Urkidizar baserriko kideak izan ziren garaile. “Etxekoei asko gustatzen zaigu perritxikuak biltzera joatea eta anaiak erabaki zuen azoka egunerako saskia prestatu eta aurkeztea. Onddoz osaturiko saskia zen iazkoa. Aurten ere badugu saskia osatu eta aurkezteko asmoa. Dagoeneko hasiak gara zerbait biltzen eta azoka inguratzen denean zeozer izango dela uste dugu, ikusiko dugu denboraldia nola joaten den”, azaldu dute Urkidizar nekazalturismoko kideek.
Iaz lehiaketa irabazi zuen saski ederra enkantean jarri zen eguerdian eta Olarreaga Goikoa jatetxekoek eskuratu zuten 142 euroren truke. Giro polita sortu zen enkanteko garaian eta aurten ere, enkantean aterako da saski garailea. Mendira joan beharrik gabe perritxikuak dastatu nahi dituztenentzat aukera polita.
10:00etan zabalduko dute Asteasuko Azoka berezia eta egun osoan zehar izango da zer ikusirik herrigunean.