Azken 27 urte hauetan, Jexux Mari Olano da bertako apaiza. Elizaren inguruan sortutako batzordearen laguntzarekin eramaten ditu aurrera ekimenak. Arantzazuko Ama elizaren sorrera urte haietaz hitz egin du Jexux Marik. “Batetik, ordura arte Zizurkilen eliza bakarra zegoen: San Millangoa. Behekoek urruti xamar zegoela zioten eta sakramenturen bat hartzera ez bazen, Villabonako elizara joaten ziren ia denak. Bestalde, industria gune inguruan etxebizitza berri asko eraiki zen eta jende berri asko etorri zen herrira”. Eliza berezia da Elbarrenakoa, Felix Llanos arkitektoaren agindupean eraikia. “Berezitasun bezala, paretako kolorezko kristalak aipa daitezke batetik. Edertzeaz gain, eliza argiztatzeko jarri zituzten. Elizaren barruko koru txikia ere aipagarria da. Eta aldareko pareta ere bai. Zizurkilgo elizak ez du erretaularik, garai hartako margolariren batek egindako margolana baizik. Bestalde, oso akustika oneko eraikina da”. Eliza eraiki zutenean, Arantzazuko Amaren irudia zegoen aldarearen erdi-erdian. Urte batzuk geroago, gurutzea jarri zen leku horretan eta Ama Birjinaren irudia alboratu egin zen zertxobait. Inaugurazio eguneko meza nagusia oso jendetsua izan zen. 1957 urteko Elizbarrutiko buletinak gordetzen duenez, “Gotzaina ere bertan izan zen eta herritarrek gorazarre egin zioten”.
Hiru apaiz
Berrogeita hamar urte hauetan hiru apaiz egon dira Zizurkilgo elizan. Egungo apaizak dionez, “kontu bitxia da baina, hirurok bizi gara oraindik. Lehenengo apaiza Bartolome Auzmendi izan zen. Apaiz egin berritan, eliza inauguratu ondoren etorri zen. Lan handia egin zuen eliza martxan jartzen. Ia hogei urte igaro zituen bertan. Auzmendiren ondoren, Juan Martin Agirre etorri zen eta sei-zazpi urte pasa zituen. Ni etorri nintzen Agirreren ondoren eta hementxe jarraitzen dut ordudanik”. Parrokietako egoera asko aldatu dela kontu nabarmena da, “orain dela 50 urte apaiz asko zegoen. Herri txiki guztietan baziren apaizak. Zizurkilen bertan hiru apaiz bizi ziren. Beheko eliza eraiki zenean gazteena etorri zen hona”. Eliza berria eraiki eta gero, kristau elkartea ere martxan jarri zen, “Bartolomeren garaian etorri zen elizako martxa. Apaiza aktiboa egokitu zen eta herritar askoren arteko batasuna sortu eta lortu zuen. Ekintza asko egiten zuten; izan ere, elizak egiten ez bazuen, ez baitzen gauza handirik egiten garai hartan”. Pixkanaka gizartea eta ohiturak aldatzen joan diren bezala, elizaren funtzionamendua ere aldatzen joan dela argitu du, “gauza batzuk alde batera utzi dira, berez elizarenak ez direlako baina, kristau elkartearen helburuak zehazten eta lantzen jarraitzen dugu; kristau eta fededun izatea, fedea bizitzea...”. Aurrera begira, hiru zutabe nagusi lantzen jarraituko dute. “Elkarte ebanjelizatzailea izan, igandeko eukaristia mantendu eta behartsuei edo premia dutenei babesa erakutsi”.
Urteurreneko ekintzak
Joan zen asteburuan musika emanaldia, eukaristia eta bazkari herrikoiarekin ospatu zuten urteurrena. Jende dezente bildu zen ekitaldietara eta gustura geratu ziren antolatzaileak. Elbarrenako jaiak eta gero, berrogeita hamar urte hauetako ibilbidea ezagutzeko aukera izango da argazki erakusketa bidez. “Eliza eraikitzen ari ziren garaiko argazkiak ere ikusgai izango dira.” Irailaren 13tik 23ra, 18:00etatik 20:00etara Atxulondo Kultur Etxean.