Aisialdiko begirale titulua eskuratu nahi dutenek, astelehenetik aurrera, irailaren 10etik 28ra bitartean, Buruntzaldeako herrietan antolatu den ikastaroan izena eman ahal izango dute, nahiz eta klase praktikoak Hernanin emango diren. Mintegi honek, haur eta gazteentzako ekintzak bultzatzen dituzten erakundeen aldetik egoten den gisa honetako profesionalen eskaera eta geroz handiagoari erantzuten dio.
Aisialdiko ikastaroa urrian hasiko da eta martxoa arte iraungo du, alde batetik klase teorikoetan eta bestaldetik zentroetan garatuko diren klase praktikoetan banatuta egongo da. Ezagutza teorikoak larunbatetan, goizeko 10:00etatik 14:00ak bitartean emango diren klaseetan jasoko dira, eta arratsaldez, hiru t´erdietatik zazpi t´erdietara bitartean, honela, programatutako 200 orduak osatu arte. Ikasketa planak lau aste bukaera jasotzen ditu Hernaniko aterpetxe batean, nahiz eta oraindik zehaztu gabe dagoen larunbatetan soilik burutuko den edo aste bukaera osoan zehar izango den.
Teoriari dagokionean, ikasleek lanarekin zerikusia duten gaien inguruko ezagutza jasoko dute, soziologia, pedagogia, psikologia, drogamenpekotasunaren aurrean izan beharreko prebentzioa edo ingurumena, besteak beste. Bestalde, animazio teknikak ere landuko dira, hala nola, jolasak, tailerrak, antzerkia edo lehen laguntzak, ondorengo alor hauetan (olinpiadak, naturaren eskolak...) hainbat esperientzia ezagutzeaz gain.
Behin fase hau gainditutakoan, ikasleek guztira 120 orduko praktikak burutu beharko dituzte bakoitzak bilaturiko zentroan, 2007-2008 ikasturtean zehar, 2008. urteko udan, edo 2008-2009 ikasturtean zehar. Zentzu honetan, lan hau non garatu ahal izateko lekuen bilaketan ikasleek laguntza izango dutela azpimarratzen da. Behin atal teorikoa eta praktikoa osatutakoan, ikasleek memoria bat aurkeztuko dute eta Eusko Jaurlaritzak homologatutako aisialdirako begirale titulua jasoko dute.
Ikastaroan izena eman nahi dutenek Urnietako Udaleko Euskara Zerbitzura hurbildu daitezke, bete beharreko baldintza bakarrak euskaldunak eta 18 urteak beteak edo 2008ko udan bete behar izatea dira. Buruntzaldea eskualdekoek lehentasuna izango dute behin onartuz gero, eta ikastaroa 320 euro ordaindu beharko dute, probintziako gainerakoentzat berriz, 520 euroko kostua izango du.