Andoaingo Udaletxearen osaketa berria ikusita, IUko zinegotzi bakarra gehiengo osoaren bermatzaile bilakatu da. Zein balorazio egiten duzu?
Sergio Barreiro. Oso modu positiboan, Ezker Batuak udalgintzan bere ekarpentxoa egin ahal izango duelako. Eta gainera Gizarte Zerbitzuen lansaila kudeatu ahal izango du. EB-k alor honekiko sentsibilizazio handia erakutsi ohi du.
Zein izango da zure jardunbidea datozen lau urteetan?
Sergio Barreiro. Sinatu dugun akordioaren arabera, Gizarte Zerbitzuen kudeaketaz arduratuko gara. Tradizionalki gure alderdiak alor hori bideratu izan du. Negoziaketetan beste lansail baten ardura hartzea aztertu bazen ere, azkenean Gizarte Zerbitzuen alde egin dugu giza mailan eskerronekoa delako.
Eta zer moduzkoa izaten ari da hasiera zeregin berrian?
Sergio Barreiro. Abuztuko oporraldia bete-betean harrapatu gaitu, horren ondorioz Andoaingo udal lansail guztiak gutxieneko zerbitzuetan aritu dira lanean. Hilabete eskas izan dugu ardura hartuko dugun lansailaren inguruko informazioa biltzeko. Beharrezko bilakatu da iraila arte itxarotea, Udaletxea bere osotasunean lanean hasten baita.
Sozialistekin izandako negoziazio prozesua azalduko al zeniguke?
Sergio Barreiro. Hasiera batean, ziur nintzen PSE-PP hitzarmena berretsiko zela. Ordura arte ez bainuen inolako harremanik izan lehen indarrarekin.
Udala osatzeko bi egun geratzen zirela sozialistekin bildu ginen eta orduan hitzarmena egiteko aukera aurreikusi zen. Geroztik, zenbait bilera eta telefono bidezko deiak izan ziren. Hilabete luze iraun zuen akordioa sinatzeko prozesuak. Egia esan, azken ordura arte ez nuen argi ikusi akordioa burutuko zenik negoziaketetan gorabeherak izan baitziren.
PSE-PP gobernutik PSE-IU alderdiek osatutakora pasa da. Zertan nabarituko da ezkerrera egindako mugimendua?
Sergio Barreiro. Alor sozialean nabarmenduko da aldaketa, bereziki. Ekarpen handiagoa egin behar da beharrezko ikusten den alor horietan guztietan.
Aralar alderdiko zinegotziak ez du bere kargua hartu. Zein iritzi duzu?
Sergio Barreiro. Legalitatearen barruan aurkeztu diren alderdi guztiek ordezkaritza lortu dute. Indarrean dagoen legalitatean lehiatu dira denak, beste gauza bat hauteskundeak burutzeko baldintzak demokratikoenak izan diren esatea da, eta nik ez direla izan pentsatzen dut.
Egungo hauteskunde arauak kontutan hartuta, Aralarrek bere zinegotzia Andoaingo udaletxean aurkezteko legitimazio osoa dauka, nahiz eta alderdi edo maila pertsonalean hartutako erabakiak udaletxea zinegotzi bat gutxiagorekin lan egitea ekarri duen.
IU-Aralar koalizioko buru gisa aurkeztu zinen baina soilik IUko ordezkari izatera pasa zara. Gehiegizkoa al da koalizioa hautsi egin dela esatea?
Sergio Barreiro. Hasiera batean koalizioa udal hauteskundeetarako zen, sekula ez zen alderdien arteko fusioaz hitz egin. Agian, koalizioak jarrai lezake hauteskundeen ostean, baina dagoeneko herri mailako gaia da, alderdi bakoitzeko herri batzarrak erabakiko luke koalizioari eutsi edo ez.
Andoaingo kasuan, Aralarrek bere hautagaia aurkeztu ez duenez, gaia ez da aztertu ere egin.
Udaletxean IU bezala akreditatu zara. Horrek erraztu al du sozialistekiko hitzarmena?
Sergio Barreiro. Eraginik ez duela izan pentsatu nahi dut. Ezkerreko politika aurrera eramateko garaian, herri mailan, Aralar eta PSE-EE alderdiak ados jartzea ez zait zaila iruditzen.
Zure ustez, bereziki Gipuzkoa eta EAE mailan, EA eta EAJ alderdiek nola baloratuko dute Andoainen IUk sinatu duen gobernu hitzarmena?
Sergio Barreiro. Beno, Gipuzkoan edota EAE mailan modu guztietako akordioak ikusi ohi dira, batzuk agian fortzatuegiak. Alderdi bakoitzak bere politika edo alderdi interesak hobetuko dituen akordioak begi onez ikusten ditu.
Andoaingo kasuan, aipatzen dituzun alderdi horiek ez lukete sozialistekiko egin dugun hitzarmena baloratu behar, euren hauteslegoan izan duten atzerakada eta estrategia politikoa aldatu behar ote duten aztertu beharko lituzkete.
Neurri zehatzekin amaitzeko, zeintzu izango dira aurrera eramango diren egitasmoak?
Sergio Barreiro. Gaurko egunez zaila zait neurri sorta bat aipatzea. Urteko aurrekontua zein egoeratan dagoen aztertzen ari gara, Gizarte Zerbitzuak dituen instalakuntzak ezagutzen, azpikontratatuta dauden enpresa ezberdinetan gure burua aurkezten... Gizarte Zerbitzuekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten elkarte eta taldeekin harremanetan gaude.
Datorren komisiorako proposamen zehatza aurkeztuko dugu: Azaroaren 25a emakumeen aurkako biolentzia desagertzeko egunaren harira foro irekia sortzea.