Adinaren araberako bi menu dastatu ahal izango dira. Bat helduentzat: itsaskraba pudina maionesarekin; patatak errioxar erara etxeko txorizoarekin; txekor biribilkia, barazki eta patata purearekin; ijito besoa krema eta kanelarekin; kafea; patxarana, belar txupitoa edo koñaka. Haurrek beste menu goxo bat dastatu ahal izango dute; makarroiak tomatea eta urdaiazpikoarekin; eskalopea txip patatekin; eta azkenik, sandwich izozkia.
Jan edanari laguntzeko, gainera, bertso saio paregabea eskainiko dute gonbidatu diren lau bertsolari gazteek. Amaia Agirre gai jartzailearen esanetara jardungo dute Iñigo Manzisidorrek “Mantxi”-k, Alaia Martinek, Uxue Alberdik eta Agin Rezolak.
Kontuan hartzekoa izango da eguraldia, horren arabera, jai giroa lekuz aldatu daiteke eta. Hain zuzen, hasiera batean, eguraldi ona eginez gero, festa San Juan plazan ospatuko da. Baina egun euritsua egokitzen bada, ekitaldi sorta Zimitorioan egiteko aukera aztertzen ari dira Iñistorrako kideak.
BAZKALOSTEAN, MUS EDO TOKA
Hala ere, festa eguna ez da horretan amaituko. Jai giroko osagai nagusien artean, txapelketak izaten baitira. Iñistorrak prestatutako egitarauan horrelakorik ez da faltako. Lehia bikoitza izango da, norberak jarduera batean edo bestean dituen trebezien arabera, aukeran izango baititu; mus txapelketa edo toka. Egun berezi honetako egitaraua honakoa da:
14:00 Herri bazkaria. Bertsolariak; Iñigo Manzisidor “Mantxi”, Alaia Martin, Uxue Alberdi eta Agin Rezola. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
17:00 I. Mikeldeuna mus txapelketa azkarra, I. Iñistorra toka txapelketa.
TXARTELAK SALGAI
Helduek 25 eurotan; haurrek 15 eurotan. Horiek, txartelen prezioak. Datorren astelehenetik, irailaren 10etik aurrera eskuragai izango dira honako lekuetan: Aiurriko egoitzan, Kantoi tabernan, Lekaion eta Urnieta fruta dendan. Tiketak eskuratzeko azken eguna, irailaren 26a, asteazkena izango da.