Aipaturiko “Sorginkeria” izeneko ikuskizun musikatuarekin hasiko da jai giroa eta auzotarrek ez dute atsedenik hartuko irailaren 9a arte. Aurten, gainera, ez dira eguraldi txarraren beldur izango, izan ere, karpa erraldoi bat jarriko baita. 200 lagunentzako mahai ilarak, bi taberna eta musikarientzako tablatua jartzeko tokia izango du karpa horrek. Bertan elkartuko dira auzotarrak irailaren 7ko iluntzean, zikiro afariaz gozatzeko eta ordu txikiak bitarte Naima taldearen erromeria izango da.
Ziurrenik, lo gutxi eginda joango da gazte asko oilasko biltzera, izan ere goizeko 06:00etan ekingo baitiote baserriz baserriko birari. Eguerdian berriz, Meza nagusia entzun eta hamaiketako bereziaz gozatzera hurbilduko dira auzoko helduak. Imanol Lazkano eta Jexux Mari Irazu bertsolarien jardunaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.
Azelaingo señoritoak
Arratsaldean berriz, Azelaingo señoritoak hurbilduko dira auzora. Mendiola lantegiaren paretik aterako dira señoritoak, garai batean Azelaingo jauregia zegoen ingurutik. Zaldi gurdian egingo dute auzorainoko bidea, trikitilariek lagunduta. Iaz jarri zuten martxan ekitaldi hau eta aurrerantzean mantentzeko asmoa dute auzotarrek.
Iluntze aldera eta indarrak berreskuratzeko, patata tortila lehiaketa egingo da. Urtero hogeita hamar tortilatik gora aurkezten dituzte auzotarrek eta saririk ere izaten da. Lehiaketa amaitu ondoren, bertaratzen direnen artean banatzen dira aurkeztutako tortilak.
“Aupa Sorabilla” txaranga herrikoia izango da beste berrikuntzetako bat. Irailaren 8ko iluntzean eta irailaren 9ko goizean festarako doinuak eskainiko baitituzte txarangako kideek. Goiko Etxeberri baserri multzotik plazaraino kalejira egingo dute igande goizean, auzotarrei festara deituz. Andoaingo musikari talde batek sortu du txaranga, Jujuy musika ekimenaren barnean. Musikak gizartean duen garrantzia aldarrikatzea da taldearen helburua.
Irailaren 9ko Meza Nagusiaren ondoren, Burdina taldeko kideei omenaldia egingo zaie. Sorabillako Erramuta baserriko karobia txukuntzeko lanak egin dituzte uda honetan eta lan hori eskertzeko elkartuko dira auzotarrak. Arratsaldean berriz, herri kirolei egingo zaie tartea. Emakumeak izango dira protagonista nagusiak. Marijose Sardon, Ana Berasategi, Maika Aristegi eta Maider Manzisidor harrijasotzen eta aizkoran arituko dira. Ana Berasategik, gainera, iparraldeko jokoen erakustaldia egingo du.
Jaietan murgiltzeko gogoa bizirik dago auzotarren artean, baina jai giroan murgildu aurretik, lan eta lan aritu direla azpimarratu behar da. San Martin eliza eta hilerria batzen dituen bidea txukundu dute eta elizako ateak margotu dituzte, besteak beste.