Ekitaldi anitzez beteta dator aurtengoan ere eta beraz, iraileko azken asteburuan eta urriko lehenengoan herrian festa giroak ez du etenik izango.
Ekitaldien artean, lehiaketak izango dira. Sanmielek irauten duten artean, jaiekin lotutako argazkiak ateratzeko aukera izanez gero, VIII. Argazki Lehiaketara aurkez daitezke. Irailaren 19an karreteak banatuko dira 19:30etan Lekaion. Hilaren 28ko 13:00ak baino lehen herriko bi argazki dendatan ere eskura daitezke. Gutxienez lau jai ekintza ageri diren bost argazki aurkeztu behar dira urriaren 9tik 16ra Lekaion.
Herrian girotutakoak izan behar dute baita XI. Pintura Lehiaketako koadroak. Parte hartu nahi duenak gutxienez koadro bat eta hiru artean aurkeztu beharko ditu. Irailaren 30ean ospatuko da txapelketa.
ALKATE TXIKIEN KASTING-A
Bestalde, Alkate Txikiak aukeratzeko proba antolatu du Trankatx gazte elkarteak. Hilaren 13an, 19:00etan Lekaiora bertaratu besterik ez du jaietako kargu berezia izan nahi duten 9 urteko neska mutilek. Aukeratuek irailaren 28an ospatuko den Haur, Zahar eta Gazteen eguneko agintea eskuratuko dute. Egun horretan bertan, 65 urtetik gorakoek meza, bazkaria eta dantzaldia ere izango dute. Haien eguna ere izango baita.
Sanmiel gauez, Poxta-Zaharreko kideek antolatuta, herriko musika taldeen emanaldia izango da txoznetan; Cohen edota Materia, tartean. Elkarte berak, kuadrilen arteko areto futbol txapelketa antolatu du. Jaietan amaituko den arren, irailaren 17an hasiko da. Bost egun lehenago itxiko da izen ematea.
I. SANMIEL PILOTA TXAPELKETA
Pilota partidarik ere ez da faltako. Nobedadeekin aurtengoan, Kontsejupeko Lehiaketarekin batera, lehen aldiz, abian jarriko baita I.Sanmiel Txapelketa ere. Iraileko azken asteburuan finalerdiak jokatuko dira eta urriko lehen asteburuan final handia. Hiru urnietarrek parte hartuko dute; Mikel Garmendiak, Jon Pagolak eta Mikel Garaialdek. Desafioen atalean ezin ahaztu, Marijo Sardonen marka hauste saiakera berria edota Urnietako bi lagun talderen arteko herri kirol lehia.