Aitzitik, uda amaitu aurretik lanean jarri dira denboraldi berria hasteko egun gutxi geratzen baita. Asteburu honetan bertan Euskalduna futboleko lehen taldea eta jubenil mailakoa hastekoak dira. Eta hilaren amaieran hasiko da areto futboleko edota eskubaloiko denboraldi berria. Bolei edota saskibaloi denboraldia beranduago hasiko da, urria partean.
Piskanaka hasi dira motorrak berotzen. Iaz bezala, albiste pozgarriak eskaintzeko irrikaz egongo dira Andoaingo kirolariak. Futbolean Euskaldunak Preferente mailara igotzea lortu zuen, hainbat urtetan gertu-gertu ibili eta gero. Eskubaloian, neskak bereziki, Euskal Herriko eta estatuko onenen pare aritu ziren. Boleiko neskak ere liga irabazi eta Ohorezko mailara itzuli dira.
Hori guztia gutxi balitz txirrindularitzan edota pilotan albiste onak izan ziren aurreko ikasturtean.
LEHENA, FUTBOLA
Asteburu honetan abian jarri da denboraldi berria senior eta jubenil mailako taldeentzat. Ikusmina sortu da Andoainen Euskaldunako lehen taldeak Preferente mailan debuta egingo duelako. Hirugarren Mailaren atariko kategorian maila ona emateko gogoz daude kirol arduradunak, kirolariak eta kirolzaleak oro har. Ilusio handiz eta gogotsu ekin diote aurredenboraldiari. Lehiak dagokion lekuan utziko du Euskalduna taldea.
Hain zuzen maila berrira igotzea lortu zutelako, historikoa izango da denboraldia. Hauexek izango dira Andoaingo lehen taldean arituko diren jokalariak: Aitor Altuna Etxeberria, Borja Bakero Arribillaga, Xabier Berrueta Elicegui, Alberto de Lucas Sanchez, Javier Duque Hernandez, Cristofer Fernandez Martinez, Jonatan Fernandez Martindez, Xabier Gonzalez Canflanca, Gaizka Irazu Madinabeitia, Ander Lopez Vazquez, Angel Marquez Guisado, Egoitz Pontesta Barrio, Ion Ugalde Elola (kapitaina), Xabier Ezkurdia Igartua, Xabier Tellechea Murguiondo, Eneko Baltasar Elizburu, Eneko Berrueta Elicegui, Aritz Sanchez Romero, Aitor Lavado Rodríguez, Mikel Mauleón de Antonio, Omar García Zabaleta, Aitor Manero González, Igor Artola Arnedo, Carlos Infante Masa eta Juan Juárez Maestro. Entrenatzailea Joserra Bengoetxea izango da. Izenek dioten moduan, Andoaingo jokalariak nagusi dira Euskaldunako lehen taldean.
Jubenil mailako taldeak hogeita bost jokalarik osatuko dute. Hauexek: Jon Altuna Alkorta, Jon Artola Ansa, Ander Balda Irurzun, Asier Caro Alvaro, Asier Ceballos Zubieta, Imanol Chorro Zarza, Aritz Chouza Lorente, Eric Corman Castro, Gaizka Domínguez Aierbe, Josu Domínguez Elosegi, Beñat Erkizia Agirre, Iñigo Etxebeste Zabaleta, Andoni Garcia Fernandez, Aitor Garcia Zalakain, Kevin Garcia Rubio, Ricardo Huerta Martin, Ekain Gorrotxategi Sanz, Igor Lopez de Arregi Alicortes, Iker Marzol Torreño, Beñat Oiartzun Weill, Jon Otaegi Olasagasti, Gonzaga Placencia Solana, Juan Pedro Sanchez Terron, Beñat Unzalu Treku eta Ander Zabala Amantegi. Iaz bezala, taldea David Bejaranoren ardurapean izango da.
ARETO FUTBOLA
Euskal Ligan aritu zen Frutas Adarra taldea Euskalduna futbol taldearen egituran sartuko da denboraldi honetan. Aurrerantzean Euskalduna izenpean jokatuko du. Dagoeneko entrenatzen hasi da taldea. Areto futbolaren garapen bidean, jubenil mailako taldea osatu nahian dabiltza.
ESKUBALOIA
Leizaran eskubaloi taldeko jokalariek kirol jarduna uda amaieran abiarazi dute. Abuztuko azken astean lanean hasi ziren jubenil eta senior mailako taldeak, eta astebete beranduago gainerako talde guztiak. Batzuk zein besteak irailaren amaieran jokorik onena eskaintzeko moduan izango dira.
Andoaingo eskubaloi taldearen azpiegitura, azken urteetan bezalaxe, sendoa da. Eskubaloiak ez du futbolak duen dizdira bera pizten, ez hemen ezta Gipuzkoa osoan ere. Baina herri askotan nahiko lukete Leizaranek duen antolaketa maila izatea. 2007-2008 denboraldian zortzi talde izango dira lehian infantil, kadete, jubenil eta senior mailatan.
Leizaran taldea jokalari berriak hartzeko prest dago, adin txikieneko taldeetan bereziki. Eskubaloia gustukoa duten edo jokatzen ikasi nahi duten haur eta gaztetxoek aukera badute oraindik ere:
Infantilen kasuan, 1994-1995 urteetan jaiotako neska eta mutilak Allurraldetik pasa daitezeela astearte edo ostegunetan 16:45-18:15 bitartean.
Kadeteei, dagokionez, 1992-1993 urteetan jaiotako neska eta mutilak Allurraldetik pasa daitezeela astearte eta ostegunetan 18:00-19:00 bitartean.