Amasa Villabonako 2007 Amodiozko Gutunen lehiaketako lan irabazleak irakurgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abu. 29a, 20:38

Joan zen ekainaren 28an banatu ziren udaletxean Euskara Batzordeak antolatzen duen Amodiozko Gutunen lehiaketako sariak. Jarraian irabazleak eta haien esanak ezagutzeko aukera eskainiko da. Baita lan sarituak irakurtzekoa ere.

 

Maite Arregi euskara teknikariak eta Maialen Abaigar euskara zinegotzi berriak gidatu zuten ekitaldia. Lehenik eta behin, eskerrak eman zituzten lehiaketan parte hartzeagatik. Iaz baino lan gutxiago aurkeztu zela azaldu zuen euskara teknikariak, “16 lan aurkeztu dira guztira. Aurreko urteetan baino gutxiago”. Parte hartzearen jaitsieran Aste Santuak eta azterketa garaiak eragin zutela ere gaineratu zuen. Karlos Linazasoro eta Juan Kruz Igerabidek osatu dute epaimahaia, azken urteetan bezalaxe. Lau sari banatu ziren guztira. Bergarako Roberto Izagirrek jaso zuen lehen saria “Non zaude”  lanagatik. Eibarko Daniel Astarloarentzat izan zen bigarrena, “Lorea”  gutunari esker. Villabonako onenaren saria Alexander Padillak eskuratu zuen bigarren urtez jarraian. “105. gela” izenburuko eskutitza aurkeztu zuen lehiaketara. Gazte onenaren saria, berriz, Oiartzungo Goiatz Labandibarrek jaso zuen, “Atotxako zubipetik” izeneko lanagatik.

 

Lehen bi sarituak

“Literatur lehiaketetan sarritan hartzen dut parte eta sari batzuk ere eskuratu izan ditut Bergaran, Ondarrun… Gisa honetako lan motzak idaztea gustatzen zait gehien, baina luzexeagoak ere idazten ditut tarteka”, azaldu zuen Roberto Izagirrek. “Non zaude” lanaren gaiagatik galdetuta, “Askapenako brigadista modura Kubara joan zen mutil batek urte batzuk geroago han ezagutu zuen neska bati idatzitako gutuna idatzi dut. Itxuraz bere helburuak lortu ditu, baina hutsik sentitzen da mutila. Urte batzuk pasatakoan, maitasuna nola sublimatzen den agerian geratzen da eskutitzean”. Daniel Astarloa bigarren sarituak ere parte hartu izan du beste lehiaketetan eta jaso duen bigarren saria da Amasa-Villabonakoa. “Boteprontoan idatzi eta azken egunean bidali nuen gutuna lehiaketara. Gustura geratu nintzen lanarekin, baina sorpresa izan da saria”. Oso gutun laburra eta oso gai gogorrekoa zela azaldu zuen, “tipo batek barrote artetik idazten dio gutuna maite duen neskari, erasotu eta labankadaz josi ondoren. Lagunen batek maitasun gutuna ez dela esan dit. Nik baietz uste dut, nahiz eta tipo nazkagarri batek idatzitakoa izan. Egindakoak eginda ere, bere maitasuna erakusten dio neskari. Beste ikuspegi baten bila ibili naiz, ez da gutun tipikoa”.

 

Herriko onena eta gazte onena

Alex Padilla villabonatarrak iaz bi sari lortu zituen gutun berarekin. Aurten bigarrenez aurkeztu eta saria eskuratu du, “Epea bukatzen zen egunean aurkeztu nuen gutuna. Larri ibili nintzen denborarekin, baina gustura nago emaitzarekin”. Gutunak ospitalean eri dagoen emakume baten eta bere sendagilearen arteko maitasun istorioa kontatzen du. “Bihotzekoak jotako emakumea hil ondoren, sendagileak gutuna idazten dio emakumeari; sekretupean gordetako maitasun istorioa azalduz”. Goiatz Labandibarrek Oiartzun aldera eraman zuen Gazte onenaren saria, “pare bat aldiz sari bera jaso izan dut Bergarako lehiaketan ere. Villabonara aurkeztu naizen lehen aldia da, baina badut lehiaketetan parte hartzeko ohitura”. Donostian kokatu du gutuna, Amara eta Egia artean, “Gitarra joz dirua biltzen duen mutil batek neska bati bere maitasuna erakusten dio gutunean”.


Lehen saria:Roberto Izagirre, "Non zaude"

Kaixo maittia!!

 

            Ez da hau idazten dizudan estreineko eskutitza eta, seguruenik, azkena ere ez da izango. Hainbeste denbora joan ondoren ez dakit gizaki bati, hezur eta mamiz osatutako pertsona batengana zuzentzen naizen edota nire barruan, bihotzean sortutako aingeru bat, urruti batean, aspaldi batean ezagutu nuen neska bat oinarri hartu eta buruak eraikitako utopia bat ez ote zaren. Berdin dio, jakin badakidalako hitz xume honek ez direla sekula uztartuko -une txiki batez ere- hain amesten ditudan begi garden horiekin. Pena adina askatasun eskaintzen dit horrek, beste aldetik, barren-barrenetik zeuregana zuzentzeko.

 

“Aprendimos a quererte” hasten da Che-ren omenaldia den abesti hura, ezagutu zintudan uda ahaztezin hartan elkarrekin hainbestetan kantatu genuena. Ez nintzen orduan ohartzen horrela zela, benetan ari nintzela maitatzearen goxoak dastatzen, gerora gaziak ere okatu arte probatu ditudan bezalaxe. Urte asko joan zaizkigu, hogeita hiru hain zuzen, eta gustura ikusiko nuke berriro ere konpondu genuen eskolatxo hura: zutik iraungo ote du? Ilusioz gainezka joan ginen: laguntzera…, zein gazte eta inozo ginen! Baina, tira, internazionalismoaren babespean maitasuna erein eta jorratu         genuen eta nire barrenean, behintzat, ernatu eta loratu egin zen, hainbeste urte iraun duen loraldi amaigabe honetan.

 

Zuen lurralde horretatik etorri nintzenean makina bat karta igorri nizun emandako helbidera, oraindik orain ere inongo ahalegin berezi barik burura datorkidan hartara:

 

Haydée Sanchez

Oficios 166 entre Amargura y Teniente Rey

Santa Clara

CUBA

 

           

Erantzunik sekula ez ordea. Zer ote? Komunikabideetan hainbeste aipatzen zuten sistemaren galbahea hasi nintzen gure tartean ikusten, bizi osoan lagunen aurrean eta abar biziki ezetsi nuena; baina brigadako beste kideek  irlarekin zuten harremana ikusirik, teoria hura baztertu egin behar izan nuen. Nire abailduraren aurrean, lagunen batzuk -nolabait deitu behar…-, Karibe aldekoek maitasun kontuetan ohi duten arintasuna ekartzen zuten behin eta berriz hitzetik hortzera. Batekin baino gehiagorekin muturtu nintzen zure izen ona defendatu nahian. Emagaldu deitzea besterik ez zitzaien falta eta, ziur naiz, horrela deitzen zizutela aurrean ez nintzenean. Hura etsipena! Orduan otu nintzen maitemintzearen min horretaz, gordina zinez. Halako batean, Askapenako kide bat tarteko, zure taldearen, U.J.C.-ko telefono zenbaki bat lortu nuen arte. Hari horretatik tiraka, itxaropenez betetako dei mordo baten ondoren, mailukada bat lez, isiltasunaren zergatia jakin nuen. Udazken hartan bertan, guk alde eginaz bat, iraultza eta zure irriñoaren artean itsaso bat jarria zenuen hala-moduzko txalupa batean. Ez zeukaten ordutik zure berririk: Miamin akaso, Estatu Batuetako beste nonbait, munduko beste edozein txokotan…Nork daki! Gaurik ilunenetan itsas ondoan irudikatzen zaitut, koralez estalita, eta mozkorraldi bakartiren batean, zure sirena trobak jarraituz, Kantauri itsasora burua entregatzeko gertu ere izan nauzu. Egunen batean, apika!

 

Ez naiz garai hartako gazte sutsu ameslari hura, ez horixe! Komandanteari eta iraultzaile gehienei -baita iraultza berari ere- bezalaxe, ilea urdintzen eta bakantzen hasia zait eta ilepekoa aldatzen. “Elkartasuna, Independentzia, Berdintasuna, Sozialismoa, Askatasuna…” hitz eder horien guztien esanahia diruaren, lasaitasunaren, itxuraren, boterearen…, mendean geratu zaizkit, zuk zeuk egin zenuen hautu bera finean. Hain gara bata bestarentzako! Eta egun erabat galduta nabilela esaten badizut, ez naiz gezurretan ari; nahi adina diru, edozer gauza erosteko ahalmena daukat, jendearen errespetua, miresmena -edo beldurra- lortuak ditut, bizitzan ondo doakidala esan dezake norbaitek, garaile bezala ere ager naiteke akaso, baina Ipar bakarra, zulorik sakonenean ez erortzeko geratzen zaidan helduleku bakarra zu zeu zara, nire oroimenaren erdi-erdian bizi zaren Haydée maitea. “Gusana” deitu zizun ihesaldiaren berri eman zidan “konpa” hark, entzunaz bat irudikatu nintzen -zalantzarik gabeko heriotza batera eramango ninduela jakinda ere- arrain handi baten gisa, zu zinen amu, zizara hura irensten; eta, beste behin ere, zoriontsu izan nintzen, herioaren aurrean bazen ere elkarrekin  geunden.

 

Mila aldiz entzun ditut, azkenaldi honetan, zure ohorez eta nire gozamenez, “Yolanda”ren beste hainbeste bertsio, antzina bezala hunkitzen nau gaur ere. Bukaera horrek “eternamente Yolanda” horrek ehunka txindurri jartzen ditu martxan nire bizkar-hezurra goitik behera eta behetik gora zeharkatzen, samurtasun hotzikara batek erroetatik astintzen nauen bitartean, horrelakoa baita zurekin sentitzen dudan amodioa ere, eternala. Sarritan gainera, Haydéek  ordezkatzen du jatorrizko Yolanda nire ahotsean eta bete gabeko ametsen zamak tsunami geldiezin bat sortzen dit sabelean. Begiak mindu arte aritzen naiz negarrez halakoetan, negar pausatu, sendagarri bat, olatu erraldoia txikitu, malko bihurtu eta begi zuloetatik gainezka eginaz husten den arte; ez dago besterik. Ondoren goibeltasun, malenkonia goxo batek bereganatzen nau eta amodioa gauzatu ondoren, zurekin larrutan egin ondorengo unea halako zerbait izan behar dela pentsatu izan dut beti. Non zaude maittia…

 

Ez dut karta hau inora bidaliko: edukiko banu sikiera nora bidali… Hala izanik ere bidean jarriko ote nuen? Hain zara nire neurrikoa oroitzapenean! Joandako urte hauetan guztietan zutaz, irlaz, maitasunaz ahazteko mila ahalegin egin ditut, egunerokotasunean murgildu, lanean buru-belarri sartu, ilusio berriak sortu… Ondorioz, iraganaren atarian jarri zaitudan bakoitzean zeure zeurea den lekua aldarrikatuz ametsetan agertzen zatzaizkit. Jakizu, gainera, ez zarela nire ametsetan egun bakar bat ere zahartu urrundu ginenetik. Zein erakargarri zauden oraindik ere. Habanako agurraren egunean zeneraman tirantedun kamiseta eta praka motz berberekin, hain gustatzen zitzaizkidan ipurdi masailak estaltzeko adina ez ziren praka moduko haiekin! Irribarre betean harrapatzen nau egunsentiak halakoetan, “zure lurrinak betetzen du nire bakardadea” Milanesek dioen bezalaxe. Amets arteko lurrin lauso horrek hauspotzen ditu txingarrak, birsortutako garretan nire izaera, nire bizitza erre arte, eta maiteminaren gazi-goxoak erraiez birjabetzen zaizkidan bitartean, ahanzturaren bidexka oro ixten zaizkit berriro ere, bizitzari bere zentzua emanez. Hala beharko du aurrerantzean ere, naizen bitartean hilezkorra izango zarela onartuta baitaukat dagoeneko.

 

Orain, hilaren hogeita seigarren eguna izan gabe hogeita sei izan den honetan -hemen edo han, sozialismoan edo kapitalismorik bortitzenean, guretzat, beti baita hogeita sei- ohera, lotara noa. Gauero bezalaxe, musukatuko dut aspaldi aspaldi batean eman zenidan azken laztana eta gozotasun agortezin hura dastatuz kulunkatuko naiz loaren besoetan, hor, beste aldean, ametsen eremuan ikusiko zaitudalakoan.

 

Betiko zeurea

Mikel


Bigarren saria: Daniel Astarloa, "Lorea"


Lorea,

 

Zuregandik banatu naute, maitea. Indarrez atera behar izan naute etxetik, arrastaka, zure garrasien artean zakur jende horri kontra eginez, nire gihar guztiak lehertzeko zorian tenkatuta. Gehiegi ziren. Eskumuturrak lotu dizkidate, furgona barruko katera oinak, ahoa esparatrapu batez estali. Ezin ihes egin ordea etxetik jaurtiki dituzun oihu erdiragarriei, errepidean aurrera eginda ere buruan iltzatuta geratu direnak. Jaso dudan edozein ostia baino mila aldiz deuseztagarriagoa. Mugiezin, ezindurik, indarge, bizitzan lehenengo aldiz negarrari eman diot. “Egizu negar orain, putaseme hori!”, bota dit zakurretako batek. Han bertan txikituko nukeen. Mingain zikina ebaki eta lepoa zulatu odolusten ikusteko. Zer egin dut, maitea? Zure albora bueltatzerik banu! Besterik ez darabilt gogoan. Nola egongo ote zara ni gabe! Bakarrik, munduan bakarrik egotea zer den. Giltzaperatu nauten kaka-zulo honetatik diotsut. Kamaina koipean eserita. Horma gris lohiz atrapatuta, ate ilun herdoila, astuna, gaindiezina. Zure azaletik are gehiago urrutiratzen nauena.

 

Lasai egon baina, maitea. Kolpe gaizto ugari jasotakoak gara eta honetatik ere irteten asmatuko dugu. Dena beti amestu bezalakoa izango da, ziur egon. Guztia gaizki-ulertua izan dela onartu beharko dute eta aske utziko. Ezingo dute ezer gure maitasunaren kontra, maitea.

 

Gerritik helduko zaitut, besoekin nire kontra estutuko, nire emakumearen usaina arnastuko dut, atzamarrak ile leunaren artetik irristatuko, ezpainak gozatuko. Nigan  sinistu behar duzu, maitea. Zure amari ez kasurik egin. Beti nire kontra erabili zaitu. Ez du gure maitasuna konprenitzen eta ez du egingo. Ez, ez zaitut gehiago ikutuko, maitea. Ubelduak neronek dizkizut zainduko. Laban zauriak itxiko. Ez dira ezer, ikusiko duzu. Behar nauzu, nere maitea.

 

                                                                                                A.

 

  Villabonako onena: Alex Padilla "105. gela"

Gabon laztana,

 

            Hogeita lau ordu baino gehiago daramatzat lo hartu ezin dudala. Hogeita lau ordu baino gehiago alkoholaren babespean. Hogeita lau ordu buruari gogor eragiten, iraganari bisita luze bat egiten, oroitzapenak egungo gertakizunak izango balira bezala bizi nahian… Hogeita lau ordu baino gehiago zuri zer idatziko pentsatzen.

 

            Zaila da zugan sentitzen dudan guztia segundo bakar batean ahaztea. Zaila da hilabete luze eta zail hauetan elkarrekin bizi izan dugun guztia bat-batean ahaztea. Zaila…, oso zaila! Psikologook beti gomendatzen diegu gure bezero eta gaixoei, beraien sentimenduak, bizipenak, minak, bizipozak zein tristurak, liburuxka batean idatz ditzaten. Hogeita bost urte ariketa hau gomendatzen eta gaur ekin diot neure penak idazteari.

 

            Hogeita bost urte daramatzat ospitale berean lan egiten. Hogeita bost urte luze. Milaka gaixo egunean zehar bisitatzen, eta mila emozio eta tristura barneratzen. Betidanik gustatu izan zait jendea entzutea…, ahal nuen neurrian nire laguntza behar zuen edonori eskaintzea…Horregatik ikasiko nuen ziurrenik psikologia.

 

Urte hauetan ehunka, milaka elkarrizketa izan ditut ospitaleko gaixoekin, baina ez zeurea bezalako elkarrizketa sakonik…, berezirik…, goxorik. Sekula ez nuke sinistuko, ospitaleko zure logelara sartu nintzen lehen urte hartan, nire bizitzako unerik onenak, ederrenak, berezienak bertan igaroko nituenik. Ospitalera etortzen zen beste “bezero” bat baino ez zinen azken batean, eta nik zu modu horretan tratatzea baino ez zitzaidan eskatzen. Gugandik onena espero zenuen, onena! Guk ere bizirik irtengo zinela zin egin genizun. Gu bai kabroiak! Hasieratik zekiten medikuek ez zenuela pare bat hilabete baino gehiago iraungo. Bai Maria, bazekiten!… Banekien!, eta errudun sentitzen naiz, esperantza apur bat eros zenezan baino ez nizulako eskatzen. Madarikatua ni!

 

            Oraindik gogoan dut, zure berriz izan nuen egun hura. Iritsi berria nintzen eta egun horretako bisitekin hastera nindoala zure bihotzekoaren berri izan nuen, zure etxeko garbitzaileak ospitalera hots egin zuenean. Egia esatea nahi baduzu, ez nion garrantzi handirik eman. Egunero izaten ditugu horrelakoak. Egun hartan ez zinen zu gaixo bakarra. Gaur, aldiz, faltan botatzen dudan bakarra zara.

 

105. gela izan zen zure azken etxea. Ez zenuen seme-alabarik, ezta senarrik ere. Anai zaharrago bat zenuela jakin banekien, zure etxeko garbitzaileak arnasestuka azaldu zidalako ospitalera iritsi bezain laster. Baina gurekin, nirekin ospitalean igaro zenituen hilabete bi horietan ez zen gela hartatik inor pasa.

 

            Lehendabiziko egunean galduta zeunden, oso galduta! Burua non zenuen ere ez zenekien. Ospitalean?, galdetzen zenidan behin eta berriz. Zer gertatu da? Zer egiten dut nik hemen?, zenion jarraian. Nik orduan, lasaigarri bat ematen nizun urez betetako edalontzi batean, lasai zintezen. Urduritasun apur bat nabari zen zuren aurpegi xume eta eder hartan. Eskutik heldu zintudan zure azal leuna ukitu nuenean. Ederra zinen, oso ederra!

 

            45 urte zenituen, nik baino 5 gutxiago. Segituan adiskidetasun sendo bat sortu zen bion artean. Barreak, algarak eguneko ia hogeita lau orduetan nagusi ziren 105. gela ilun eta itxi hartan. Gogoratzen al duzu zenbatetan esaten zenidan telebistako George Cloone-ren antza nuela? Gogoratzen duzu? Eta ospitaleko kafetegitik gozokiren bat lapurtzeko eskatzen zenidan igandeko arratsalde haiek? Haiek bai momentuak haiek!

 

            Segituan konturatu nintzen zu zinela nik lanean jarraitzearen erantzule nagusia. Zuregatik, gai nintzela gau zein egun, astelehen zein igande, bertan, zure alboan orduak eta orduak igarotzeko. Azkarra zinen Maria, inondik ere. Eta azkar aldatu zenuen, hargatik, zure hasierako egunetako jarrera ezkor hura. Aski azkarra zinen zeure gaixotasuna luzerako joango zela jakiteko. Ziur nago bazenekiela lehen bihotzeko hura abisu bat baino ez zela izan. Handik hilabete batzuetara etorriko zen gertakizun baten abisu nazkagarri bat baino ez.

 

            Gogoan duzu elkarri emandako lehen musua? Eskerrak gela ohe bakarrekoa zela, eta gu bion abenturak lau horma horiekin baino ez genituela konpartitzen. Ni neu ausartu nintzen zure ezpain polit eta leun haiek musukatzera. Ezin nuen sinistu. Ospitalean lan egiten dugunok debekatuta geneukan gaixoren batekin maitemintzea, baina ez zuk ezta neuk ere ezin izan genion aurre egin geure sexu grinari. Sexua baino maitasuna beharbada. Aski ideia polita sortu genuen elkarrekin, inoiz bizituko ez genuen etorkizun baterako ideia hura izugarria izan zen, ikaragarria. Egunak eta egunak igaro nituen gu bion etorkizunean pentsatzen. Ordura arte, jendearen penak entzuten pasa nituen hogeita bost urte baino gehiago, eta bazen maitasunari nire bizitzan toki bat egiteko garaia. Hartu beharreko erabakiak tentu handiz pentsatu behar banituen ere, zuganako maitasunak egoera asko zaildu zuen. Ospitaleko hainbat erizainek geure arteko harreman klandestinoaren berri zutela jakin badakit, baina egoera ondo ulertu zuten eta mihia zulotik ez ateratzea erabaki zuten.

 

            Zure gaixotasuna egunetik egunera okerrera zihoan. Medikuekin bilera ugari izan nituen, zeure kasuan interesaturik nengoela bazekitelako. Medikuek eurek ere ez zekiten zer zen, eta zure kasua hainbat kongresutara eraman zuten eztabaidatzeko. Nik hala ere, dena hobera zihoala esaten nuen, aste pare batean alta jasoko zenuela. Baina aste bi haiek pasa ziren, baita hilabete ere eta zuk oraindik 105. gela hartan jarraitzen zenuen.

 

            Gogoan dut, zure azken egunetako batean nire galtzetako poltsikoetatik ateratako bi euroko txanpona nola xahutu nuen. Zelako aurpegia jarri zenuen larrosa gorri hura oparitu nizunean. Musu eder eta ahaztezin batekin sinatu genuen gure hitzarmena, gure bizitzen elkartrukea; gure zinezko maitasuna.

 

            Hala ere, handik bi egunetara, 105. gela itxi, ilun, eta triste hark, zure azken orduak bizi izan zituen. Zure agurra lau horma horietan gauzatu zen, bakar-bakarrik. Agurtu gabe joan zinen Maria. Egunak neramatzan etxera joan gabe, eta arropa hartzera joan nintzen goiz hartan. Bueltan, krabelin sorta bat eskuan nuela, gelako atea ireki eta bertan ez zeundela ikusi nuen. Ohea beste gaixo batentzat prestatuta zegoen. Momentuan, krabelinak lurrera erori eta korrika hasi nintzen erantzun baten bila, korrika zure bila.

 

            Oraindik ez zaitut topatu, laztana. Inork ez du egonezin hau ulertzen.

 

            Gaur eguerdian, etxera itzuli aurretik, egunero legez 105. gelatik pasatu naiz. Zure ohean gizon edadetu bat zegoen lotan, bere emaztea prentsa arroseko aldizkari bat irakurtzen ari zitzaion. Ez dute guk gela horretan bizitutakoa bizituko. Ziur nago. Ez bi hauek, ezta etorriko direnek ere. Hogeita lau ordu baino gehiago pasa dira zure berri ez dudala, zu ondoan ez zaitudala eta jada faltan botatzen zaitut, baita 105. gela hura ere.

 

            Laster gelaren batean topatuko garelakoan,

 

Martin


Gazte onenaren saria: Goiatz Labandibar "Atotxako zubipetik"

Hamabiak eta hogeita lau. Egunero, ordu horretan pasatzen zara nire aurretik. Ez duzu hutsik egiten. Eta, noizbait, huts egiten baduzu okerrena gertatu ote zaizun pentsatzen hasten naiz, erdi erotzen, hurrengo egunean, hamabiak eta hogeita lauan, berriro handik pasatzen zaren arte. Orduan lasaitzen naiz. Beti kale beretik.

 

            Aitortu behar dut badudala paretako ordulari bat etxean hamabiak eta hogeita lauan propio jarria. Horrela, etxera helduta ere, erlojuari begiratu eta egun hartan hamabiak eta hogeita lauan nola zinen gogoratzen hasten naiz. Ariketa polita da: hasieran, nola zinen jantzita edo orraztuta gogoratzen nuen. Denborarekin, gauza ezkutuagoak deskubritzen joan naiz. Batean, ez duzula oso fin egin begietako marra beltza. Beste batzuetan, mototsetik ihes egiten dizuten lau ileak. Eta gutxitan, kezkek sortzen dizuten ibilera berezi hori, derrepentean maingutu bazina bezala. Bai, bai. Badakit ezkerreko hankarekin egiten duzun pauso trakets hori urduri zauden seinale dela.

 

            Gutxitan pasatzen naiz lan orduetatik kanpo Atotxako zubipetik. Ez dira asko izango mundu honetan jai dutenean lantokira itzultzea gustatzen zaienak… Bai, negozioetako gizon-emakume garrantzitsu horiek, agian bai. Baina nik uste horiek ere ez dutela lantegira itzuli nahi. Soilik, munduarentzat inor izatekotan han izango direlako bueltatzen dira, eta jendeari munduarentzat norbait izatea gustatzen zaio. Handinahi horiei batez ere, munduarentzat norbait direla uste dutenei…

 

            Bada, hori, gutxitan itzultzen naizela Atotxara. Beraz, noizbait ni ikusteko gogoz bazaude, errespetatu hamabiak eta hogeita lauko ordutegi hori. Bestela, elkar ez ikusteko aukera handiak dauzkagu! Ederra nago…, ni ikusteko pasatzen zarela toki eta ordu beran toki berean pentsatzen hasten banaiz…

 

            Ez nauzu ezagutzen. Agian, bada nire burua aurkezteko tenorea. Bai, bera naiz, Atotxako Zubipean, gitarra eskuan, goiza kantari pasatzen duen tximadun hori.

 

            Ez da zaila nola iritsi nintzen hara kontatzea. Zaila dena ulertzen, zergatik jarraitzen dudan hor da. Behin, gehiegi maite nuen neska batek hala esan zidan: bizi bizitza. Carpe diem. Modu subliminala izan zen bere aldamenetik joan nadila eskatzeko. Bizi zure bizitza, nik nirea egingo dut eta. Eta, gehien maite nuenak baztertuta, beste zerbait maitatzen hasi behar nuela erabaki nuen, erotu aurretik. Gitarra. Musika ttikitatik maite izan dut, eta hark kontsolatuko ninduela iruditu zitzaidan.

 

            Europako hamaika hiritako kale kantoi, etorbide eta farola ezagutu ditut carpe diem egiten ikasteko bidean. Amsterdam, Berlin, Dublin, Oslo, Berna… Gitarraren zorroa zabaldu lurrean, nire aurrean, eta hamaika doinu jo dut. Hala ere, gehienetan errepikatu egiten ditut. Ez zara erreparatu zu pasatzen zarenean beti-beti-beti Love me do jotzen dudala?

 

            Hiriaren arabera, eta batez ere, klimaren arabera, denbora gutxiago edo gehiago egin izan duthiri bakoitzean. Hegazti migratzaileak nola, nik ere epelaren bila markatu dut ibilbidea. Kalean lan egitea ez delako batere xamurra!

 

            Trenez heldu nintzen Donostiara. Helmuga berri batera iristen naizenean, ez naiz segituan hasten lanean. Lehenengo, toki berria ezagutzea gustatzen zait, hiriaren nolabaiteko erradiografia azkarra egin lehenago nire burko eskanerrean. Atotxako zubipetik pasa nintzen. Lan egiteko toki ona izan zitekeela iruditu zitzaidan. Eta zurekin gurutzatu nintzen. Hamabiak eta hogeita lau ziren. Hurrengo egunean itzuli egingo nintzela orduantxe erabaki nuen.

 

            Eta ordutik, bi urte jada. Eguna joan, eguna etorri. Hamabiak eta hogeita lauko zitari hutsik gabe. Kuriosoa gure zita, ezta? Zu, jakin gabe iristen zarelako punttual-punttual.

 

            Bihar, hamabiak eta hogeita lauan, isildu egingo naiz. Kantatzeari utziko diot eta gitarra jotzeari. Gitarraren zorroa jasoko dut eta deitu egingo zaitut. Agian, zuk ere, beste askok bezala, kaleko arlote hutsa naizela pentsatuko duzu eta aurrera begiratuz, zuretzat ere ikusezin banintz moduan, pausoa azkartuko duzu (ezkerreko hankarekin herren eginez?). Baina aizu, carpe diem egiten ikasteko atera nintzen gitarra bizkarrean etxetik, eta orain, nik zurekin bizi nahi dut momentua.

           

            Bihar ere ordurako iritsi Atotxara, e!

 

            Muxu bat.

 

PD: Ei! Zergatik ez didazu sekulan zentimorik ere bota?



 

 


    










AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!