Zalantzarik gabe, uda da bertsolaritzaren loraldi nagusia. Egunez egun, han eta hemen, ez da bertso doinurik faltako Euskal Herrian. Festa eta bertsoaren arteko kateak sendo dirauen seinale da hori. Baina azken urteetan aldaketak ere eman dira. Horrela uste du behintzat Jokin Sorozabal bertsolari andoaindarrak. “Plaza tipoa aldatzen ari dela uste dut. Zirkuitu alternatiboak sortzen ari dira, bertso saio ezberdinak. Esaterako bertso poteoak edo bertso kalejirak sortu dira. Lehen festetan egun guztiko saioak edo jaialdiak ziren aukera bakarrak”. Orain, egun guztiko saiorik ia ez da egiten. Jaialdiak berriz, oraindik ohikoak dira, baina hau ere aldatzen ari dela uste du Sorozabalek. “Jaialdi formatua bera, gaueko 23:00ak inguruan egin ohi dena, behera datorrela uste dut. Badira Zizurkil bezalako plaza batzuk, urterokoak eta jendetza biltzen dutenak, baina, oro har, jaialdi estiloa aldatzen ari da”.
Saioz saio
Bertsotan goiko puntan dabiltzanek saioz saio igaroko dute uda. Amaia Agirre villabonatarra gustura dago duen saio kopuruarekin. “Bertso saioei dagokionez neurrian ditut. Ez gutxiegi eta ez gehiegi”. Agirre orain dago bere garai gorenean, Sorozabalek berriz, orain urte batzuk egin zituen plaza mordoa. “Esango nuke gure belaunaldia oso lotuta egon dela saio mota batekin, eta aldaketak, aurpegiak aldatzea ere eskatzen du. Hori naturala da”. Hala ere, saio batzuk baditu hitzartuta. “Saio batzuk baditut, nik esaten dudan bezala, bertsotan ez ahazteko adina”, dio umoretsu.
Uda partean herriz herri ibiltzea nekagarria dela pentsa dezake askok. Sorozabal ordea, ez dago ados. “Ez da nekagarria egiten. Ni gehien ibili naizen garaian ere ez da nekagarria izan. Horretarako zaude, mentalizatu zara eta ilusio horrekin gustura egiten dituzu plazak”. Agirrek onartzen du batzuetan gogorra izan daitekeela. “Agendan hitzordua apuntatzen duzunean ilusioz hartzen duzu, baina eguna iristen denean beti ez da bertsotarako gogorik izaten”.
Saio bereziak
Udako saioak bereziak izaten direla esan daiteke. Gai eta egoera jakin batean egiten direnak. “Saioak motzagoak eta arinagoak izaten dira bai denbora eta baita tematika aldetik ere. Giroa ere festa girokoa izaten da. Leku irekiak dira ia beti eta horrek baldintzatu egiten du, baita bertsokera ere”, nabarmende du Agirrek.
Parrandazale fama dute bertsolariek. Saio osteko parrandak ordea, lehen gehiago egiten zituztela uste du Sorozabalek. “Nik askoz parranda gehiago egiten nuen orain 20 urte, baina orduan gazteagoa nintzen. Hala ere, uste dut saioaren inguruko errito hori moztu egin dela. Gu kantatu aurretik elkartu ohi ginen beste bertsolariekin, sarri elkarrekin afaltzeko. Saio ostean ere herrian geratu ohi ginen. Orain uste dut gazteen artean hori ez dela hainbeste egiten”. Agirrek hori norberaren esku dagoela dio. “Saioa den aldiro parrandan geratzen direnak ere badira, baina biharamunean beste jaialdiren bat baldin baduzu… Gogoa izatea da kontua”.
Txapelketari begira
Aurtengo udak gainera, beste bereizgarri bat izango du, Gipuzkoako txapelketari begira egongo baitira bertsolari asko. Udako saioak onak dira konfiantza hartzeko Sorozabal eta Agirreren ustez, nahiz eta txapelketa beste kontu bat den. “Jendaurrean aritzea konfiantza hartzeko ezinbestekoa da”.
Agirre, Sorozabal eta beste hamaika bertsolariren trebeziaz gozatu nahi izanez gero, ez duzue aukera faltarik izango datozen asteetan. Iritsi da uda, urteko bertso plaza nagusia.