Bertso afaria Otañoren omenez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 20a, 20:34

Hilaren 13an 100 lagun inguru bildu ziren Zimiterioan.

Eñaut Agirre hernaniarra Otaño berpiztuaren paperean aritu zen. Gogoan geratzen den bertso afari horietakoa izan zen hilaren 13koa. Eñaut Agirre izan zen protagonista nagusia, Otaño berpiztuaren paperean eta bere musika taldea lagun, bertso jarriak kantatzen aritu zen hernaniarra. Lehenik Pedro Mari eta bere osaba Joxe Bernardoren arteko karta trukeaz aritu zen eta gutun horietan agertzen ziren bertsoak kantatu zituen.

Gero Unamuno pentsalariari Otañok Ameriketatik bertsotan esandakoak ere abestu zituen.

Kantu ezagun ugari
Otaño abesti ezagun ugariren egilea da, nahiz eta gehienok Otañok berak egin zituela jakin ez. Donostiari kantatuak, Euskal Herriari, Onbuari… Horiek guztiak entzuteko aukera izan zen Agirreren ahotsean. Baina beste ariketa bat ere egin zuen hernariarrak, Otañok egungo Zizurkil ikusiz gero zer esango zuen asmatu. Bertsogintzan behintzat indartsu ikusi zuen Otañok Zizurkil. Horrelaxe amaitu zuen bertsoa:

Jon eta Josebaren
kirako mutilik
Naroak dabilzkien
ume gazte pilik
Banekien bertsoa
etzegola hilik
Baina enun espero
holako koadrilik


Bertso hauek entzun ondoren, Otañoren lan ezagunenak, Txepetxarena eta Mutil Koxkor bat, kantatu zituzten bertara hubildutako guztiek.


IRAZU ETA AGIRRE BAPATEAN
Otaño berpiztuaren aurretik eta ondoren Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirre aritu ziren bapatean. Azkenerako ordea, Joseba Otaegi eta Jon Ormazabal herritarrak ere inguratu zitzaizkien, laurek kopletan saio dotorea eskainiz. Zalantzarik gabe, Otañok ereindako hazia sendo dago oraindik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!