Bero zakarra Santamañako kros igoeran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 20a, 20:33

Joan zen igandean jokatu zen Santamañako kros igoera. Kirolariekin batera, eguraldi beroa izan zen lasterketako protagonista nagusia. Guztira laurogeita hamabi parte hartzaile izan ziren frogan, horietatik hamar emakumeak.

Amasa-Villabonako Patxi Urizar izan zen irabazlea. Hogeita zortzi minutu eta lau segundu behar izan zituen Patxik ibilbidea egiteko. Iaz ere bera izan zen frogako garaile eta aurtengo edizioan egokitutako eguraldi zakarrak, iazko denbora jaistea galerazi zion. Lehia estua izan zen lehendabiziko hiru sailkatuen artean eta segundu gutxiren barruan helmugaratu ziren denak.

AMILIBIA, IAZ BEZALA
Emakumeen artean ere, iazko garaile bera izan zen Santamañako helmuga puntuan. Nerea Amilibia zizurkildarra helmugaratu zen lehendabiziko postuan hogeita hamalau minutu eta berrogei segunduko denbora eginez. Romy Mey alemaniarra helmugaratu zen bigarren postuan.
Froga amaitutakoan, hamaiketako ederra egin zuten Santamaña ermitaren inguruan bertara hurbildutakoek. Modu horretan eman zitzaien hasiera aurtengo Santamaña jaiei.

Sailkapena:
Gizonezkoak
1. Patxi Urizar    28’04”
2. Josu Arregi    28’16”
3. Emilio Garcia    28’32”

Emakumeak:
1. Nerea Amilibia    34’40”
2. Romy Mey    35’12”
3. Paki Lizaso    35’37”
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!