Jeltzaleen mendeurrena Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 20a, 20:32

Teodoro Otegi Izagirre Asteasuko EAJ-PNVko Uri Buru Batzarraren lehendakaria da. Duela urtebete osatu zen Asteasun EAJ-PNVko udal erakunde berria. Ilusioz eta lan egiteko gogoarekin.

Asteasuko jeltzaleak mendeurrena ospatzen ari dira aurten. Elkarrizketan zehar antzinako nahiz egungo gaiez hitz egin dute EAJ-PNV-ko kideek.

Asteasuko jeltzaleen mugimenduak ehun urte bete ditu. Garai hartako dokumentazioaren arabera zeintzuk eta zertan nabarmendu ziren orduko abertzaleak?
Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ-PNV) 112 urte betetzear dago aurten Euskal Herrian, Sabino Arana Goirik sortu zuenetik. Historialari ospetsu baten esanetan, Asteasun 1907an izan genuen alderdiaren lehen ordezkaria. Hura, Antonio Kortajarena Otegi, Antton Ondartza, izan zen. Ondartza baserrikoa, eta Mikaela Elizegirekin ezkondua. Azken hau, Pello Errotaren alaba zen. Antolakuntza eta gure ideien hedapenaren garaiak ziren, Gipuzkoako EAJ-PNVk Engracio de Aranzadi Kizkitza buru zuelarik. Baliabideak oso mugatuak ziren, noski! Jakin behar duzu EAJ-PNVren antolakuntza lehen fase hori 1908an Zumarragan amaitu zela, historian lehen Gipuzko Buru Batzarra (GBB) hautatu zenean. Asteasuri dagokionez, 1907an Gipuzkoarra egunkariak ohar hau kaleratu zen, ondo laburtuz garai horretako giroa: “Asteasutik. Aitzondo inguru hauetako baserritarrak, kazikismoaren eraginetik kanpo daudenak, begi onez begiratzen dute gure pentsaera eta idealen gainean egiten ari garen zabalkuntza”.

Zer esanik ez 36ko Gerra abertzaleentzat galera handia izan zela, pertsonalki zein politikoki...
Zalantzarik gabe. Euskal Herriak eta abertzaleok asko sufritu genuen gertakizun maltzur horrekin. Fusilamenduak, erasoak, kartzela, erbestea..., eta 40 urteko diktadura frankista gure herriaren nortasuna zapuzteko asmoarekin. Politikoki, EAJ-PNV, beti giza eskubide guztiak errespetatuz, klandestinitatean lanean eta borrokan ibili zen Juan Ajuriagerraren eskutik. Erbestean, Eusko Jaurlaritzak gure herriaren arima piztuta mantendu zuen Jose Antonio Agirre eta Jesus Mari Leizaola lehendakariei esker. Asteasun ere, gertakizunak oso latzak izan ziren. Anjeles Uzkudun Tapia, abertzale zintzo eta asteasuar maitagarriak, Bazkunak argitaratutako Herio 1936 liburuxkan ondo baino hobeto kontatzen ditu Asteasuk bizi izan zituen gertakizunak. Sufritu zuten guztientzat gure oroimena eta errespetua.

Hainbat belaunaldi igaro da eta jeltzaleen tradizioari eutsi zaio. Zenbaterainokoa da EAJren indarra gaur egun Asteasun?
Bai, hemen gaude. XXI. mendearen hasiera honetan, gure aurrekoen bidea jarraituz eta gure begirada etorkizunean jarrita. Zeren EAJ-PNV ez da oroitzapenez bizi. Euskal Herriaren alde lan egiteko gaude. Eguneroko arazoei aurre egiteko eta alor guztietan aitzindari izango den nazioa egiteko. Asteasun, transizioa iritsi zenean EAJ-PNVkoak nagusi ginen. Ondoren, 1986an EA sortu eta gure babesa nabarmenki jaitsi zen %15era arte. Azken urteotan, aurrera jauzi garrantzitsu bat eman dugu eta asteasurrei esker gaur egun %30aren babesa dugu.

Andoainek bezala, Asteasuk ere ospatu behar al du mendeurrena?
Bai. Logo berezi bat sortu dugu, eta dagoeneko, hitzaldi bat antolatu genuen udaberrian, Ana Agirre Industri sailburuarekin, Jaurlaritzak aurrera eraman nahi duen Industri eta Lehiakortasun Politikaren inguruan. Irailean Alderdi Egunean izando gara eta udazkenerako beste ekimen batzuk antolatuko ditugu.

Nola baloratzen duzue hauteskundeetako emaitza Asteasun?
Ongi. Babes gehiengoa lortu du EA, EAJ-PNV eta Independiente batzuk osatu dugun Bai Asteasuri plataformak. Egia da, nolanahi, abstentzioak kalte egin digula hemen ere, agian bertako ezker abertzalea legez kanporatua izanik, gure nagusitasuna garbia izan behar zelako eta beharbada desgaste bat ere jasan delako.

Bai Asteasuri hautagaitzari gehitu zineten EA eta Independienteak aurkeztu eta gero. EAJk noizbait bakarka aurkezteko aukera aztertu izan al du? Eta etorkizunean hori aurreikusi al daiteke?
Denak dakigu Euskadi mailan EAk erabaki zuela bakarrik aurkeztea, hilabete ugari iraun zuen barne eztabaida baten ondorioz. Beraz, guk gure zerrenda osatu genuen. Dena den, jaso genuen gonbitea jasota, bertako EAk gonbite hori berretsi egin zuela ikusita eta hausnarketa sakon bat egin eta gero, elkarrekin aurkeztea erabaki genuen. Arduraz eta koherentziaz hartutako erabakia izan zen. Gerora begira? Nork daki. Oso zaila da orain zeozer esatea. Begi-bistan dago batzuen esanetan Euskal Herrian lau urte polikarentzat denbora dezente dela eta gauzak eta estratejiak asko alda daitezkeela.

Ezker abertzaleak udalgintzan parte hartzeko tresnak ipintzearen aldekoak al zarete?
Bai. Jarri genituen aurreko legealdian eta oraingoan ere eskaini zaizkie. Bi printzipio errespetatuz: lehena, ez dugula uste egokia denik Asteasuko Udala ilegalizazio bidean jartzea, eta horren arriskua badago ezker abertzaleak eskatzen diguna gauzatzen badugu; eta bigarrena, ezker abertzaleak babes jakin bat jaso duela eta, praktikan, bere parte-hartzea bermatu behar dugula dagokion neurrian. Zoritxarrez, aurreko legealdian ez zuten hori onartu eta oraingoan ere ez.
 
Fikzioa eginez, ezker abertzalea eta EA maila berean lehiatzen diren egunean, EAJrengan izango al da gobernuaren giltza?
Bakoitzaren gaur egungo babesa hauxe da: EA %25, EAJ-PNV %25 eta ezker abertzalea %35. Oso zaila da jakitea hemendik lau urtetara nola egongo diren gauzak. Nolanahi, hipotesi batean, EAJ-PNVk bere zerrenda aurkezten badu, lojikoa denez babes gehiengoa lortzeko asmorarekin izango da. Nolanahi, gure programa badugu, eta programa horren lehen puntua garbia da: giza eskubide guztiak, pertsona guztientzat, salbuespenik gabe.

Etorkizuneko Asteasu nola aurreikusten duzue?

Asteasu herri atsegina izaten jarraitzea nahi dugu. Beti aurrera begira eta gauzak hobetuz. Asteasun eta asteasurren bizitza-kalitatean maila geroz eta gehiago hobetzeko. Helburu horrekin lan egingo dute Udalean EAJ-PNVk dauzkan hiru zinegotziek. Lana, gertutasuna eta konpromisoa. Umiltasunez eta herritarrei begira, EAJ-PNV da asteasurrek dituzten kezka, ideia, ekarpen eta esperantzak bideratzeko tresna. Giza-harremanak garatzeko eta herritarren parte-hartzea bideratzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!