Jaiak, herritarrei begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 20a, 20:30

Festa batzordetik herri giroa bultzatzeko ekintzak antolatzen saiatu dira.

Urteetan Zizurkilgo jaietako bereizgarri nagusiena herritarren parte hartzea izan da. Aurten ere bide horretatik segitu nahi dute festa batzordetik. “Kanpotik jendea etortzen bada hobe, baina garrantzitsuena herritarrek jaietan parte hartzea da”. Bide horretan, herritarren arteko herri kirolak, kantu-jira, herri afaria, Zimierioko txapelketa eta oilasko biltzea bezalako ekitaldi herrikoiak izango dira aurtengo festaren ardatza. Hain zuzen, Oilasko biltzearekin hasiko dira jaiak hilaren 14an. “Iaz erabaki genuen oilasko biltzearekin hastea, eta askoz ere jende gehiago hurbildu zela ikusita, aurten ere errepikatu egingo dugu”.

Kantu-jira
Kantu-jirarena izango da aurtengo festetako berrikuntzetako bat. Amabirjin arratsaldean, sortu berri den herriko kantu taldea tabernaz taberna ibiliko da paperak banatu eta jendea kantatzera animatu nahian. Umeentzat berriz, inoiz baino ekintza gehiago izango da aurtengo festetan, hilaren 18ko haurren egunaz gain, lehen egunean ere pailazoak izango dira txikienen gozagarri.

Ekitaldi arrakastatsuenak ordea, urterokoak izatea espero da. Amabirjin eguneko bertso saioa eta hilaren 17an egingo den auto krosa, esaterako. Kontzertuei dagokionez, auto kroseko egun berean Mikel Urdangarin izango da Pedro Maria Otaño plazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!