Lasterketa hauetan parte hartzeko oinarrizko prestakuntza baino zerbait gehiago behar da. Intentsitate handiko lasterketak dira, sufrikario handia gorputzeko muskulu askorentzat. Uda eta batez ere beroa sufrimendu hori areagotzeko arrazoi osagarriak dira. Mendian gora paisaia ederrean kirola egiteko asmoa dutenentzat oso kontuan hartzekoa da prestakuntza ona izatea. Eskualdeko lasterketa guztietan parte hartzeko ohitura duen Aritz Garin Villabonako gazteak bere larrutan ezagutu du prestakuntza ezak dakarren kaltea, “mendi lasterketa hauetan parte hartzeko entrenatuta egotea ezinbestekoa dela jakinarazi nahiko nioke jendeari. Astean 2-3 saio egin beharko lirateke gutxienez eta horietako batean aldapa batzuk igoz gero, askoz hobeto. Batere entrenatu ezean ez dira sentsazio onak izaten gorputzarekiko eta hurrengo eguneko hanketako minak eskailerak jaisten hastearekin batera irteten dira argitara. Hau ez diot jendea beldurtzearren, baina nik izandako esperientzia dela esan nahiko nuke. Behin, Loatzoko lasterketa korritu ostean, zortzi egunez eskailerak jaitsi ezinik egon nintzen, eta gainera, arratsalde batean amari deitu behar izan nion eskolara nire bila joan zedin, zeren ez nintzen aldapa nire kabuz jaisteko gai; hankek hori zioten behintzat, mindurik zeudelako erabat”.
Bada kontuan hartzeko beste elementu bat: norbere burua ondo ezagutzea. Burua hotz eduki behar da unean uneko erritmoari eusteko.
Eskualdean askotxo dira malkar krosean irteteko joera duten kirolariak. Kanpokoak hona erakartzeko amu bilakatu dira lasterketa hauek.
Goiburun abuztuaren lauan izango da lasterketa. Lasterketa honetan igo bezala jaitsi ere egin behar da. Egun gutxira iristen da Sanrokeetan Buruntzan egiten dena. Hauxe maldan gora egiten da, inguruan egiten den lasterketarik gogorrenetarikoa ziurrenik.
Kirola eginez gozatzeko aukera bada udan. Eta sufritzeko ere bai. Geroz eta prestakuntza hobea izan, txikiagoa izango da sufrimendua. Horretan ez dago sekreturik.