Zer moduz Luxemburgoko asteburua?
Eder Gomez: Esperientzia ona izan da. Baina lehen lasterketan, hasieran, erorketa masibo bat gertatu zen. 40 bat pertsona erori egin ginen, moto batzuek txirrindulari batzuen aurka jo zutenean. Pelotoian gertatu zen eta gero bat bestearen atzetik erori zen. Ni ere erori egin nintzen.
Zauri larririk ez ordea?
E.G.: Ez. Urratu batzuk baino ez. Baina ondorioz, bigarren lasterketan, igandekoan, ezin izan nuen parte hartu.
Gogorrak al ziren nazioarteko proba horiek?
E.G.: Larunbateko proba 96 kilometro luzekoa zen. Igandekoa, 165 kilometrokoa. Erritmo gogorrekoak.
Txirrindu gainean atzerrian ibili zaren lehen aldia al da?
E.G.: Ez. Pasa den apirilean Bretainian egon ginen hiruzpalau egunez, bertako itzuli batean parte hartzen. Mundua ezagutzeko esperientzia politak dira.
Alderik ba al zen herrialde bateko eta besteko parte hartzaileen artean?
E.G.: Bai. Frantziarrak hobeto prestatuta daude. Kontuan hartu behar da, batzuek txirrindularitzan bakarrik aritzen direla. Lana edota ikasketak utzita dituzte. Pariseko onenak joaten dira Luxemburgora. Baita beste herrialde askotatik ere; Holanda, Eslovakia, Polonia…
Uda honi begira, hitzordu gehiago izango al dituzu?
E.G.: Nafarroako Itzulia. Horretarako prestatzen ari naiz. Abuztuaren 1etik 4ra bitartean jokatuko da. Momentuz, denboraldia urrian amaitu arte probei begira dudan erreferentzia nagusia izango da.
Gainerakoan, nola doakizu aurtengo denboraldia?
E.G.: Martxoan ondo hasi nintzen. Gero, katarro gogorra izan nuen. Baina hala ere, balorazio positiboa egiten dut. Jubenil mailan nagoen lehen urtea da.
Maila aldaketak asko eragin al dizu?
E.G.: Bai eta ez. Ezberdina da. Erritmoa hartzen duzu, baina lasterketatan mendate gehiago eta gogorragoak igo beharra izaten da.
Udazkenean amaituko dira aurtengo jardunaldiak. Nola bukatu nahiko zenuke?
E.G.: Lasterketaren bat irabaztea nahiko nuke. Hori da datozen hilabeteetarako dudan erronka nagusia.
Gipuzkoako Selekzioarekin joan zarete Luxemburgora. Nola ikusten duzu Gipuzkoa mailan txirrindularitza kirol modalitate gisa?
E.G.: Kalitate handia dago. Zaletu asko dago, ondo ibiltzen direnak. Lan ona egiten dute.