Lan egin edota ikastera itzultzeko zubia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 12a, 12:40

Lanbide Hastapenak matrikulazioetarako ateak zabaldu ditu

 

2007-08 ikasturtea prestatzen ari dira. Aurtengoan, bost ofizio ikasi eta bi urteko prestakuntzaren ostean, horietakoren batean jarduteko aukera izango dute. Ikasten ari ez, langabezian egon edota graduatua ez duten 16-21 urte arteko gazteei zuzendutako hezkuntza eskaintza da.

Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoaingo udalen hitzarmen bati esker jarri ziren martxan duela urte batzuk hizpide ditugun lanbide hastapen tailer hauek. Jada hasi da 2007/2008 ikasturtean matrikulatzeko garaia. Irailera arte zabalik izango da Lanbide Hastapen Tailerretan izena emateko aukera. DBHko graduatua atera ez, eta hezkuntza arautu horretatik kanpo geratu den gazteak badu lanbide bat ikasi eta horretan jarduteko aukera. Eta bide batez, baita DBHko graduatua lortzekoa ere.

BURUNTZALDEKO UDAL HITZARMENA

Usurbil, Andoain eta Lasarte-Oriako udalek sinatutako elkarlanerako hitzarmen bati esker, aipatutako herrietako eskaintza dute ikasleek eskura; Usurbilen, sukaldaritza eta gozogintza eta ile-apainketa eta edergintza tailerrak; eta Andoainen, automobilaren karrozeria; galdaragintza eta soldadura. Aurtengo nobedadea, Lasarte-Orian dugu. Margolaritza tailerra abian jarriko baitute.

Lanbide Hastapenaren bidez ofizioren bat ikasten dutenek lan eskaintza zabala dute. Izan ere, enpresetan profil honetako langileen eskaera handia baita. Are gehiago, enpresen eskaintzak ezin beteta ibili ohi dira.

PRAKTIKAK ENPRESETAN
Lanbide Hastapenean bi urtez prestatzen diharduten ikasleak enpresa haietako askotara praktikak egitera doaz lehenik. Gero, lan-kontratua egiteko aukera izaten da. Horretarako, ordea, lehenik prestakuntza prozesua amaitu behar. Ikasleak hautatutako lanbiderako prestatzeaz gain, hezkuntza arautura buelta daitezke, DBHko graduatua aterata.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!