Egoera zaila Andoaingo Galgo Paper fabrikako langileentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 12a, 12:32

Ekoizpena eten egin zen uztailaren hiruan, arazo ekonomikoak direla medio. Ezjakintasuna nagusi da langileen artean, zeri eutsi ez dakitela.

Egoera zailean eta aterabiderik gabe gera daitezke  Andoaingo Galgo Paper fabrikako langileak. Langile bakoitzaren egoera aztertuta, latza izatera irits daiteke: langilegoaren bataz bestekoa 50 urterik gorakoa baita.

Aiurri astekaria langileen egoera gertutik ezagutzen ahalegindu da. Bertara  iritsi eta fabrikaren atariko biltegi txikian dozena erdi bat langile daude eserita. Lanik egin gabe, baina bakoitzari dagokion zortzi orduko txanda betetzen ari dira. Lanean izango balira bezala.
Lan hitzarmen berria sinatu gabe, eguneratu gabeko lansariak kobratzeari utzi zioten ekainean. Ezjakintasuna nagusi da egun hauetan. Ez dakite zehazki zein egoeratan dauden, ezta etorkizunak zer ekarriko duen. Egoera itogarri horretan daude.

Zaila izango da paper fabrika berriro martxan jartzea: makinak itzalita daude, soinu hotsik ez da entzuten eta papera egiteko eskaerak ez dira bideratzen.
Nola iritsi dira egoera honetara? Paper bereziak, kalitatezkoak, ekoizten trebatuak daude. Ekoizpen arazorik ez dago, eskaerak jaso ahala erantzuten ari zirelako. Alde horretatik, Galgo Paper fabrikaren egoera iraunaraztea posible dela dirudi. Ez, ordea, 2005ean Leitzaran fabrika ixtean sortu zen zor handiari aurre egitea. Fabrika zaharrak kondenatu du berria.  

IRAGANEKO ARAZO EKONOMIKOAK ITO DEZAKE GALGO PAPER FABRIKA
Berrogeita hamar langiletik gora erabateko ezjakintasunean murgilduta dago uztailaren hiruaz geroztik, horietako erdiak pasatxo Andoaingoak. Eta besteak, Tolosakoak eta Ibarrakoak. Lan egiten zuten ordutegi berari eutsiz fabrikaren zaindari bilakatu dira. Horixe izaten ari da langileen eginkizuna egun hauetan: ogia lortzeko adina  ematen dien lantokia eta bulegoak zaintzea.

Ofizialki fabrika oraindik ez dago itxita, baina lanik ez da egiten. Eta ez lan falta dagoelako, bezeroen eskaerak erantzuteko beharrezkoa duten oinarrizko osagaia erosi ezinik dabiltzalako. Hitz gutxitan esanda: iraganetik eratorriko arazo ekonomiko larri batek eraginda, ekoizpena eten egin da.

Aterabide zaila duen egoeran aurkitzen dira Galgo Paper fabrikako langileak. Asmatu ezinik dabiltza geroak ekarriko duena. Eta bien bitartean, itxaron egin behar.

Leizaran eta Tolosana
Orain bi urte La Tolosana eta Leizaran paper fabrikak bat egin eta Galgo paper fabrika sortu zuten, bigarren honetan ezarriz egoitza nagusia. Papergintzak 80ko hamarkadatik  hona pairatzen duen krisia etenik gabekoa da. Panorama zail horretan merkatuan lehiakor iraunarazteko elkarren osagarri ziren bi fabrika txiki batean bildu ziren.
La Tolosana fabrika Tolosan kokatuta zegoen eta autoaskitasun ekonomikoari eusten ziola esan daiteke. Eraikina altxatzen den lurrak kalifikazio berria hartzean, interes handikoa zen enpresa hortik mugitzea. Noski, etxebizitzak eraikitzeko. Eta une eta egoera horretan, egoera ekonomiko kaskarra zuen Leitzaran paper fabrikarekin batzea erabaki zen.

Bi urtez, eutsi
Uztarketa bat izan zen, bistan da etorkizun ilunarekin. Operazioak bazituen, itxuraz, onurak: langileen lanpostua ziurtatzea, merkatuari egokitzea… Gutxi aipatu zen itzaleko kontu ekonomikoaz. Izan ere, enpresa berria sortzeak ez zituen administrariak iraganeko zorrak kitatzeko betebeharraz saihesten. Bi urteren ondoren, horixe izan da ekoizpena eteteko arrazoi nagusia: euro askotako zorrei aurre egin beharra.
Horrek berarekin likidezia arazoak sotu ditu. Bi urte hauetan ozta-ozta jarraitu dute aurrera. Inbertsiorik nimiñoenarekin ekoizpenari eustea.

Eutsi, bi urtez eustea lortu dute. Erronka zaila izan da hasieratik. Tolosan egiten zen paper berezia Andoaingo makinek ondo egin arte buruhauste franko izan zuten. Tajuzko lana egiten hasi aurretik, hamaika proba egin zen.
Langileen artean bereizketa handi bat dago, jatorriaren arabera zehazten dena. Leitzaran paper fabrikako langile izan zirenak haserre daude ugazabekin. Krisi larri honetan alde batera utzi dituztela salatzen dute.

Tolosanatik datozenek, aldiz, Tolosako alkateak orain bi urte esandakoa amorruz gogoratzen dute. Berak adierazi omen zuen fusioa onerako izango zela, langileen etorkizuna ziurtatzeko baliagarria. Eta bi urteren buruan kale gorrian gera daitezke. Gehienak, adin okerrenean: Gago Paper fabrikako batez besteko adina 50 urtera gerturatzen baita.

Tolosan lan egin zutenek iruzur hitza erabiltzen dute. Egoera ilun honen aurrekari gisa, 2006ko ekainean gertatu zen aldaketa adierazgarria. Astelehenetik igandera bost txandatan lan egitetik astelehenetik ostiralera hiru txandara lan egitera pasa ziren. Moldaketa horretan 23 langile gutxiagorekin geratu zen Galgo Paper. Aiurri harremanetan jarri den langileen arabera, postu bakoitzeko koalifikatuenak utzi zituzten kanpoan. Langile hauentzat ere deigarria izan zen iaz kanporatutako langilego guztia ekoizpen atalekoa izatea, bulegoko lan taldea bere horretan utziz.

Ezjakintasunezko egoera zail horretan, informazio argia eta garbia eskuratu nahi dute langile denek. Ez dakite zenbat luzatuko den egoera, zor zaiena berreskuratu eta enpresaren itxierarekin, langabeziari dagokion lansaria ziurtatu nahi dute. Ezinezko egoeretan eskaini ohi dena balekoa zaie langileei.

KALITATEZKO PAPERA
Zuzendari taldeko bost kideetatik zuzendari komertzialarekin hitz egin ahal izan du Aiurrik. Lan ona egiten ari zirela dio, hilabetez hilabete ekoizpen markak hobetzen. Berriki, gainera, jauzi handi bat egin zutela: merkatua nazioartera zabaltzea.  Hara bidaltzeko hainbat lan hitzartuta zeuden.

Andoainen egiten den kalitatezko paper berezia oso leku gutxitan egiten da munduan. Gehienbat, horrelako lanek ingurugiroa asko kaltetzen dutelako. Galgo paper fabrikan, aitzitik, arazo hori gaindituta zegoen ur zikinen araztegian beharrezko hobekuntzak egin zituztelako.
Arazoa, beraz, iraganean Leitzaran paper fabrikak sortutako zulo ekonomikoan aurkitzen da. Zuzendari komertzialak oso argi dauka enpresari talde batek zorra kitatzeko dirua ipiniz gero paper fabrika errentagarria dela. Ekoizten denak estimazio handia duelako bezeroen artean.

Ekoizpena aurrera ateratzen eta lehiakor jokatzen ari zen lan taldea kale gorrian geratzeko arriskuan dago, iraganeko egoera ekonomiko larriak kondenatuta.  Galgo Paper aurrera ateratzeko gai zela erakusten ari zenean, Leitzaran paper fabrikak iraganean sortutako zorrak bidaliko du zulo beltzera hirurogei langileren kemena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!