Badatoz Santioak…, gogotsu?
Bai! Niretzat urteko asterik politenetakoa izaten da. Lanean oporrak hartzen ditut eta bai, gogo handia daukat.
Urte asko daramazu festa batzordean lanean. Zer moduz joan dira antolaketa lanak?
Ondo moldatu gara. Festa batzordeetara jende bera biltzen da urtero eta bakoitzak badaki zein lan egin behar duen. Aurten, iazko berrikuntza potolo batzuk ez dira aurrera atera: idi probetarako lurrik ez dagoenez, ez da gizon probarik izango. Batelik ere ez da aterako. Gainerakoan, festak betiko ildo beretik doaz.
Zer moduzkoa da jendearen parte hartzea festa batzordean?
Gazte jendea botatzen dut faltan, segida eta seriotasuna izango duen gazte jendea. Lau edo bost bilera egiten badira, astero gazte ezberdinak etortzen dira. Konpromiso falta ikusten dut.
Oinkari dantza taldeak zein eskaintza egingo du jaietan?
Uztailaren 25ean dantzari txiki eguneko antolakuntzan arituko gara Oiñargirekin batera. 27an, dantza emanaldia prestatu dugu: Oinkariko gazteek eta L´Esbart Sant Juliá talde katalanak hartuko dute parte. Gainerakoan, erroskilaren errausketa, mus txapelketa eta euskal jaiaren antolakuntzan hartuko dugu parte.
Zer moduz uztartzen dira lana eta parranda jaietan?
Egia esan, badugu zerbait egunero. Hala ere, festen aurretik egunean bertan baino lan gehiago izaten da. Gehienetan ordubete edo pare bat orduko lana izaten da eta ondoren parranda…
Zer behar da herriko jaiak onak izateko?
Herriko jendearen parte hartzea da niretzat garrantzitsuena. Urtean zehar egon diren gorabehera guztiak alde batera utzi, kolore ezberdinak elkartu eta denok batera ondo pasatzea.
Eguna ala gaua nahiago?
Gautxoria naiz, baina urteak aurrera doazen heinean, eguneko parrandari gero eta garrantzia handiagoa ematen diot.
Santiotako egunik gustukoena?
Garai batean konpartsa, dudarik gabe. Azken urte hauetan ez dugu antolatzen, gaur egun zaila baita herritarrak entseguetara inplikatzea. Euskal jaia eta koadrilen eguna nabarmenduko nituzke beste ekitaldien artean.
Jaietan jateko? Eta edateko?
Jateko paella; txipiroi eta ganba batzuekin. Edateko, kuba-martinia.
Parrandarako konpainiarik onena?
Betiko koadrila, lagun-minik gabe.