Inkesta: gaua ala eguna, zer nahiago?

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 11a, 12:57

1.-Jaietan antolatzen diren ekintzetan parte hartzea edo ikustea, zer duzu nahiago?

2.-Eguneko ekintzak ala gaueko parrandak nahiago?

Izaro Otaegi
1. Ahal bada parte hartzea gustatzen zait. Oinkari dantza taldean nabilenez, ekintza ezberdinen antolakuntzan hartzen dut parte: dantzari txiki eguna, erroskilaren errausketa, euskal jaia… Koadrilen eguneko bazkarira urtero joaten gara lagunak eta egunero ateratzen garenez, ekintzak ikusi ere egiten ditugu.
2. Euskal jaia edo koadrilen bazkariaren moduko ekintzak daudenean nahiago dut eguna. Bestela gaua. Plazako dantzaldiak gustatzen zaizkit eta plazan dantzan ibiltzen gara. Beste herriekin alderatuta, Santiotako dantzaldietan jende dezente biltzen da plazan. Rock kontzertuak ez ditut gogoko eta DJ festak ere ez.

Juani Romero
1.
Biak. Lehen txirrindulari lasterketaren antolakuntzan hartzen nuen parte. Konpartsan edo mus txapelketan ere bai. Aurten mus txapelketan aterako gara seguruenik eta noski, hutsik egin gabe, Etxe-Ondoko bazkarira joango gara. Errebotea ikustea asko gustatzen zait, baina beste orduren batean balitz hobeto.
2. Gautxoria naiz, oso gustuko dut gaua. Gutxiago ateratzen naiz egunez. Gaueko eskaintzen artean kontzertuak gustatzen zaizkit gehien, dantzaldiak bigarren eta DJ-ak edo disko jartzaileak etorriko ez balira ere berdintsu. Urtero joaten naiz kontzertuetara eta bueltatxoren bat egiten dut tarteka dantzaldietara.

Juanjo Irazusta
1.
Parte hartzea, dudarik gabe. Jendearen parte hartzea beharrezkoa da festak aurrera ateratzeko. Euskal festa edo Etxe-Ondoko bazkaria asko gustatzen zaizkit, herritar asko elkartzen garelako. Gustura ibiltzen naiz Santiotan, ilusio handia izaten dut festetarako eta ikusi ere ahal dudan ekintza guztiak ikusten saiatzen naiz.
2. Garai batean gaua. Orain berdin zait eguna edo gaua. Gauez bueltatxoa ematea gustatzen zait eta plaza inguruko giroa ikustea. Dantzaldietan hartzen dut parte batzuetan. Iazko euskal festa oso garrantzitsua izan zen eta indartu egin behar dela uste dut. Aurten ere parte hartzeko asmoa dut.

Jokin Etxarri
1.
Ekintza batzuetan parte hartzen dut eta besteak ikusi egiten ditut. Iaz joan nintzen lehenengo aldiz koadrilen bazkarira lagunekin. Aurten errepikatu egingo dugu. Zezen txikietan parte hartzea asko gustatzen zait. Bestela kirol frogak, herri kirolak edo bertso emanaldia ikustea gustatzen zait. Barraketara gerturatzea ere bai.
2. Eguna baino gehiago gustatzen zait gaua. Uzten digutenaren arabera egiten dugu parranda. Ez didate etxeratzeko ordurik jartzen, baina ondo bueltatzeko esaten didate. Abiba DJ-a dantzaldiak baino gehiago gustatzen zait. Kontzertuak ikustera ere gerturatzen gara plazara.

Mertxe Zumeaga
1.
Orain festetan gehiegi parte hartzen ez badut ere, ikustea baino nahiago dut ekintzetan parte hartu. Festak aurrera eramateko, beharrezkoa dela uste dut gainera. Jaietan sokamuturra ikustea asko gustatzen zait, goiz jaiki behar bada ere. Plazako gainerako emanaldiak ere gogoko ditut.
2. Umeak direla eta, momentu honetan nahiago dut eguna. Gazteagotan gaua nahiago nuen, noski. Orduan herriko jaietako gauren batean atera gabe geratuz gero, izugarria galdu zenuela iruditzen zitzaizun. Orain, elkarteko afariren baten aitzakian, tarteka azaltzen gara plazako dantzaldira.

Ainhoa Barandiaran
1.
Jaietako ekintzak ikustea gehiago gustatzen zait, baina dantza taldeko kide naizenez, lan egitea ere tokatzen zait tarteka. Futbol txapelketako finalean oso giro ona sortzen da eta urtero joaten naiz ikustera. Mus txapelketan parte hartzea ere gogoko dut eta noski, ez dut koadrilen eguneko bazkaria galtzen.
2. Egunaren eta gauaren arabera, biak gustatzen zaizkit. Koadrilen eguna goizetik hasita gustatzen zait, bestela gaua nahiago; egunez haurrentzat antolatzen baitira ekintza gehienak. DJ-ak ez zaizkit gustatzen, kontzertuak ere ez. Dantzaldiak bai, jendea dantza egitera animatzen denean, batez ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!