Asko eta asko dira eguna ondo aprobetxatzen jakiten dutenak. Esaterako, herriko jubilatuen uztailaren 30ean ospatuko dute euren eguna, nahiz eta jai guztietan zehar izango duten zertaz gozatu.
Uztailaren 30ean, San Inazio egunaren bezperan, goizeko 11:00etan jarriko da martxan egitaraua. Urte guztian zehar egindako eskulanak jarriko dituzte ikusgai Berdura plazan. “Denetik izaten da. Biltoki elkartean bada margolanak egiten dituen jendea eta bere lanak ikusgai jarriko dituzte. Gure lanak ezagutzera ematek modu bat da. Margolanez gain, egur tailak eta bestelako eskulan asko izaten da plazan. Urtean zehar egindako lanak herritarrei erakusteko modu bat da”, diote Biltoki elkarteko kideek.
Eguerdiko 12:00etan Meza Nagusia izaten da eta irteeran, Berdura plazan elkartzen dira jubilatuak, eskulan erakusketa ikusteko. Tertulia politak egiteko tartea izaten da eguerdi parte hori eta 14:00ak aldera, Txermingo ikastolako azpialdean biltzen dira, bazkaritara.
“Berrehun eta hirurogei lagun inguru izaten gara. Guztira zazpiehun eta berrogeita hamar bazkide gaude elkartean eta bazkarian parte hartzeko izena eman besterik ez dago. Uztailaren 11 eta 20a bitarte zabaltzen dugu izena emateko epea. Oso egun polita izaten da. Elkarrekin bazkaldu eta animatzen direnak, dantzan aritzen dira arratsalde partean”, diote Biltokiko kideek.
Dantzaldi luzea
Los Rubi taldeak izango du bazkalondoari musika jartzeko ardura: “Andoaingo talde bat da eta urte asko daramate Villabonara etortzen. Aurten ere haiek izango dira. Iluntze ingurua izaten da musika amaitzerako eta ondoren, koadrila bakoitzak bere bidea hartzen du. Batzuk etxera erretiratzen dira, baina beste asko jai-giroan murgilduta geratzen dira”.
“Bazkaria udaletxeak ordaintzen digu. Hiru menu eskaintzen dizkigute aukeran eta Biltokiko zuzendaritzako kideok erabakitzen dugu zein aukeratu. Guztira zortzi pertsona gaude zuzendaritza batzordean eta urte guztian zehar aritzen gara ekitaldi ezberdinak antolatzeko lanak egiten. Aurten bazkari goxoa izango dugu: Lehendabizi, bakailaoz beteriko piperrak eta entsalada, lehen plater gisa itsaski krema, bigarrenerako arrain betea eta postrerako tarta goxoa. Edariak, kafea, kopak, txanpaina eta horrelakoak ere ez dira faltako”, azaldu dute.
Jaiari jarraipena eman nahi diotenek izango dute horretarako aukerarik, izan ere, uztailaren 30eko gauean, bertsolarien saioa izango baita Arroan. Sustrai Colina, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio eta Amaia Agirre bertsolariak Jon Zaldua gai-jartzailearen agindupean arituko baitira. Oso saio jendetsua izaten da Amasa-Villabonakoa eta jubilatu ugari ere bertaratzen da.
Dantzarako gogoz geratu direnek berriz, Errebote plazan izango dute horretarako aukera. Imuntzo eta Beloki trikitilarien saioa izango da gauerdian hasita goizaldeko 04:00ak arte.
Uztailaren 30ean, astelehenarekin ospatuko da aurtengo jubilatuen eguna. Hori iritsi aurretik, ordea, izango da jai giroan murgiltzeko aukerarik eta San Inazio eguna ere ederki aprobetxatzeko modukoa izango da. Ondo pasa!
Udal korporazioa Santio egoitzara
Urtero bezala, aurten ere Santio egoitzara gerturatuko da Udal Korporazioa Santio egunean. Ohitura den bezala, ez dira dantzariak faltako eta giro alaia izango da nagusi herriko helduenen artean ere. Eguerdiko 13:00etatik aurrera nabaria izango da mugimendua Larrea auzoan. Adinekoak ez dira bakarrik izango.