Erromeri kutsuko jaia plazara ekartzeagatik antolatu zuten Oinkarik eta herriko elkarteek euskal jaia iaz. “Lehen konpartsaren bidez elkartzen ginen herriko jendea eta azken urteetan konpartsarik antolatzen ez dugunez, beste formularen bat aurkitu nahi genuen herriko jendea biltzeko. Asmo horrekin hasi ginen euskal jaia antolatzen eta ondo bete zen helburua”. Aurten ere herriko elkarte ezberdinek bat egin dute jaiaren antolakuntzarekin, “Behar Zana, Irrintzi, Zunbel eta Uxo-Toki elkarteek lagunduko dute jaia aurrera ateratzen. Antolaketa lana itxia da, Oinkarik eta lau elkarteek bideratuko dute euskal jaia”.
Sagardo eta pintxo dastaketa
Uztailaren 28an izango da euskal jaia, larunbatez. Iaz bezala, arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera sagardo eta pintxo dastaketarekin, “Laja eta bere taldeak trikitiarekin girotuko du arratsaldea. Erromeri tradizionala eta modernoagoa uztartu nahi dira euskal jaian. Arratsaldeko emanaldia tradizionalagoa izango da, gauekoa modernoagoa. Patxi eta Konpainia etorriko dira gaueko erromeriari doinua jartzera”. Dantzan ez dakienak, pausoak ikasteko aukera izango du gaueko emanaldian, “garai batean Tapia eta Leturiarekin emanaldietan ibiltzen zen dantzaria da Patxi eta orain ere, dantzako pausoak erakutsiko ditu jendartean. Taldean goi mailako musikariak daude: Alaitz eta Maiderreko trikitilaria, Minxoriakeko gitarrista… Erromeri giroan, egungo talderik indartsuenetakoa izango da”.
Erromeri giroko jantziak
Erromeri giroko jantziekin parte hartzeko deialdia egin zen iazko euskal jaian, “uste baino erantzun hobea izan zuen gonbidapenak eta aurten ere, deialdi berbera egingo dugu”. Arratsaldetik, beraz, Villabonako plazan antzinako giroa sortzea da helburu. Aukera ezberdinak egongo dira herritarren eskura. “Sagardoa dastatu nahi duenak basoa erosi beharko du. Basoa eta bi pintxo 2eren truke eskuratuko dira. Pintxoak bakarka ere salduko dira, euro batean”. Zortzi sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera izango da. “Zortzi postu egongo dira plazan eta elkarteetako bazkideek zerbitzatuko dute sagardoa”. Berrikuntzak ere badira aurten. Arratsaldean hasita, punta-puntako bertsolariak izango dira plazan: Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso.
Zikiro-jana gauean
Sagardo eta pintxo dastaketarekin ez da euskal jaiaren gastronomia festa bukatuko, gaueko 21:00etan zikiro-jana izango baita plazan. “Aurreko urtean afaltiarrak gustura geratu zirenez, iazko berbera izango da menua. Sarrera hotzak eta beroak lehenengo, entsalada eta zikiroa ondoren eta tarta eta izozkia postrerako. Kafea eta kopa ere ez dira faltako. Guztia 20 etan”. Salgai dira dagoeneko zikiro afarirako txartelak. Ondorengo saltokietan aurki daitezke: Amasa, Kixubi, Larrea, Labezain eta Ogi Goxo okindegietan, Shepherds garagardotegian, Iturrigoxo, Itzalpe, Arnasa, Maxola eta O´baba tabernetan eta Garmendia harategian. Antolatzaileen ustez iaz baino jende gehiago bilduko da, “iaz 350 pertsona bildu baginen, aurten 400dik gora izango garela uste dugu”. Txartelak erosi nahi dituenak, beraz, ez dezala azken unera arte itxaron. Afalondorenean Egaña eta Lizaso bertsolariek ordu erdiko saioa eskainiko dute eta gauerdian, Patxi eta konpainiaren txanda izango da musika jartzen, herritarrena dantzatzen.