Dantza-sokaren oihartzuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 11a, 12:46

Villabona eta euskal dantzak antzinatik egon dira lotuta.

 

Gerra aurrean dagoeneko herrian bazen dantzari txikien taldea. Andoaingo Pello Ugaldek erakusten zien dantzan mutikoei, Martin Ugalde idazlearen aitak.
Garai hura bizitu zutenek azaldu dutenez, Martin bera ere etortzen zen Villabonara dantzara. Lehen entsegu haiek batzokian egiten zituzten. Gerra etorri zenean, ahaztu egin ziren dantza kontuak. Urte batzuk geroago ekin zioten berriro gaiari. Ugaldetarrek ihes egin behar izan zuten erbestera eta Ordiziako irakasle batek hartu zuen euskal dantzak bizirik mantentzeko ardura. Anjel Egiñok ondo gogoan du garai hura, “niri ez zidan sekula Sarasola ordiziarrak dantzan erakutsi. Hark Villabonako Antonio Zumeagari erakusten zizkion dantzak eta Antoniok erakusten zizkigun guri. Hasieran udaletxeko terrazan entseatzen genuen, baina taldea handitu zenean, Subijanako atzealdean zegoen gela eskatu genuen entseguak egiteko. Talde ederra biltzen ginen”. Antonio Zumeagak urte asko egin zuen dantza irakasle. Hasieran mutilei soilik erakusten zien, baina azkar hasi zen nesken taldeekin ere. Garaiak agintzen zuen bezala: neskak alde batetik eta mutilak bestetik.

Dantza-soka, aspaldiko ohitura

Aspaldidanikoa da Villabonan Santio egunean dantza-soka egiteko ohitura. Jabier Berasaluzek eta Anjel Egiñok, beste herritar askoren artean, 40ko hamarkadan hartu zuten parte, “Gerra denboran kendu egin zuten, baina aurretik ere dantzatzen zen”. Gu Gerra ondorenean hasi ginen dantzan ikasten. Dantza-sokako pausoez gain, bestelako euskal dantzak ere ikasten genituen: makil-dantza, arku-dantza, ikurrin-dantza, zahagi-dantza…”, azaldu du Jabier Berasaluzek. Dantza-soka Santio egunean dantzatzen zen. “Udaletxeko agintariekin elizara joaten ginen kalejiran aurrena eta handik bueltan udaletxera.

Txistulariek jotako biribilketa doinuekin ateratzen ginen plazara eta dantza-soka egiten genuen han. Eguerdian, bazkalaurretik, izaten zen orduan”. Arropa zuriz eta gerriko nahiz txapela gorriz jantzita, gaur bezalaxe egiten zuten dantza, “ilarako aurreneko eta azkeneko dantzariek desafioa egiten zuten lehenik. Gainerako dantzariek zortzikoa egiten zuten gero, banaka-banaka. Aurreneko eta azkeneko dantzariarentzat neska bana ekartzen zen jendartetik eta aurreskua egiten zitzaien. Dantzari bakoitzarentzat neska bana aukeratzen zen gero; parez pare sueltoan dantzatu eta biribilketarekin amaitzen zen emanaldia”. Herritar ugarik hartzen zuen parte, bai mutilek eta bai neskek. “Mutilen artean 20tik gora aterako ginen soka-dantzan. Neskak ateratzean, berrogeitik gora biltzen ginen dantzan. Mutilek jendartetik dantzara noiz aterako zain egoten ziren neskak”. Festa handia izaten zen, jende asko etortzen zen emanaldia ikustera, “kanpotik herriko semeak ere etortzen ziren dantza-soka ikustera. Plaza beteta egoten zen”.

Katea ez da eten
Dantzarien katea ez da eten eta aurtengo Santioetan ere dantza emanaldi ezberdinak izango dira bai Oiñargi eta bai Oinkari dantza taldeen eskutik. Urtetako ohiturari jarraituz, aurten ere dantza-soka izango da uztailaren 25ean. Eguerdian ez, arratsaldeko 19:00etan eskainiko dute emanaldia. Guztiok zaudete ikustera ez ezik, dantzatzera ere gonbidatuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!