Udaletxeko ordulariko kanpaiak 19:00ak jotzen dituenean jaurtiko dute suziria eta momentu horretatik aurrera, jai-giroa nagusituko da herrian astebete osoz.
Gustura hartu zuten festa batzordeko kideen eskaintza Eresargi Txikiko kideek: “Asier Vitoriak proposatu zuen guk botatzea. Festetan kontzerturen bat eskaini izan dugu baina aurten, denbora faltagatik, ez dugu egingo. Asierri bururatu zitzaion guri ekitaldiren batean parte hartzeko ideia eta, txupinazoa proposatu zuen. Gainerako elkarteetako kideak ados azaldu ziren eta guk gustura hartu genuen berria”, dio abesbatzako zuzendari den Arantxi Padillak.
Txupinazorako prestakuntzak egiten hasiak dira Eresargikoak: “Oraindik ez dugu oso argi zer egin. Gauza bakarra dugu zehaztuta; herritarren artean paperak banatu eta denen artean Santio Martxa abestuko dugu. Ez dakigu nola aterako den, baina gogotsu gaude. Festak izanik, lotsa alde batera utzi eta abestera animatu nahi ditugu herritarrak. Abesbatza bat gara eta herrian badugu martxa bat, beraz, zer hobeagorik abestea baino?”, dio Arantxik.
1994an sortu zen Eresargi Txiki abesbatza eta dagoeneko, ume eta gazte asko pasa da bertatik. Arantxi Padilla da abesbatzako zuzendaria eta bera ere, abesbatzan abesten aritutakoa da. “Eresargi txiki abesbatzak izena lortu zuen herrian, batez ere lehiaketa entzutetsuetan parte hartu genuelako. Gaur egun ez da erraza horrelako lehiaketetan parte hartzea, oso gutxi daudelako. Eguberrietako Errenteriako lehiaketa da ia bakarra eta han izaten gara”, azaldu du.
Ahoz ahokoa
Eresargi Txiki abesbatza oso errotuta dago herrian. Hirurogeita hamabi haur eta gazte aritzen dira kantuan abesbatza honekin: “Zazpi eta hamalau urte arteko abeslariak ditugu eta bi taldetan banatzen gara entseguak egiteko, ez baita gauza bera zazpi urteko haur bati erakusteko modua eta hamalau urteko batekin erabili behar den funtzionamendua. Pozik gaude haur kopuruarekin, izan ere, gehiago bagina ezingo genuke gaur egungo dinamika mantendu. Horregatik, ez dugu deialdi zabalik egiten. Haurren artean ahoz aho zabaltzen da abesbatzan parte hartzeko aukera eta benetan nahi dutenek, badakite norengana eta nora jo”.
“Abesten erakusten diegu haur eta gazteei, baina ez da hori gure helburu bakarra. Isilik egoten, albokoari entzuten eta errespetatzen, besteekin komunikatzen, arnasa kontrolatzen, txikiagoei laguntzen…, gauza asko erakusten saiatzen gara. Entseguetara etortzen direnean, argi esaten diegu hau ez dela jolaserako toki bat. Haurrak diren aldetik, jolas batzuk egiten ditugu, baina helburua ez da ondo pasatze hutsa, zerbait ikastea baizik. Haurrek berehala barneratzen dute hori”, azaldu du Arantxik.
Ondo pasatzeko ekintzak ere antolatzen dituzte Eresargikoek: “Urtean behin asteburu-pasa bat egiten dugu, elkarrekin ondo pasatzeko. Normalean ez dugu entsegurik egiten egun horietan. Elkarrekin egon eta ondo pasatzea izaten da helburua. Hala ere, beti saiatzen gara haurrek arduraren bat har dezaten: bakoitzak bere gauzak bildu, zaharrenek txikienei lagundu…”.
Hilaren 24an abeslari gazteak izango dira protagonista nagusiak. Santio martxa ikasi eta abesteko aukera eskainiko diete herritarrei. Lotsak alde batera utzi eta jai giroan murgiltzen hasteko aukera paregabea!