Ospatu da dagoeneko lehen ezohiko plenoa. Atzo, udalbatza osatzen duten hamahiru zinegotziek legegintzaldi berria martxan jartzeko hainbat erabaki hartu zituzten. Ardura eta kargu banaketak gehienean. Baina oraindik konpontzeke dagoen beste egoera azaleratu zen; udal gobernuaren osaera.
Pasa den ekainaren 16an osatu zen udalbatza berria, alkate berriarekin batera. Egun hartako akta onartzea izan zen, atzoko ezohiko osoko bilkuran, legegintzaldi berriko lehen saioan, zinegotziek izan zuten egitekoetako bat. Adostasuna nagusitu zen, aho batez onartu baitzen. Edozein kasutan, EAJ-tik aktak onartu gabe komunikabideetan ez argitaratzea eta zeuden akatsak zuzentzea eskatu zen.
Horrekin batera, jada zehaztu da plenoak zer nolako maiztasunez ospatuko diren. UDA plataformak egindako proposamenari aho batez erantzunez, bi hilean behin, azken asteazkenetan 19:00etan ohiko bilkurak egitea adostu zen. Ezohiko plenoen kasuan, ordu eta egun bera errespetatzen ahaleginduko direla iragarri zuten.
Arloen banaketa, hizpide
Saio berean, alkate orde, Gobernu Batzorde eta Batzorde Informatiboen osaketa burutu zen. Zeresana eman zuen aurreko legegintzaldian abian jarri zen Haur eta Gazteria planak. Orduko hartan ekindakoari jarraipena ematea beharrezkotzat jotzen zuen EAJ-ko kide Maribel Vaquerok. UDA-k proposatutako arloz arloko banaketan, ordea, Haur eta Gazteria sailak bereizten ziren. Hori dela eta, bi sailak bateratuta egotea ezinbestekotzat jo zuen Vaquerok. Proposamena onartua izan zen.
Euskara batzordea hartu zuen ahotan EAE-ANV-ko kide Iñaki Mendizabalek.Emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasunarekin eta herritarren parte hartzearekin bezala, euskara udalgintza osoan bermatua beharko litzatekeela adierazi zuen. Zentzu horretan erdarako komisiorik jarri behar ote zen galdetzen zuen. Horri erantzunez, EAJ-tik aipatutako arloetan berme hori ez dagoela eta, interbentzioaren eta euskararen diskriminazio positiboaren alde egin beharra zegoela erantzun zuten. Ildo beretik, alkate berriak arlo horiek bultzatzeko oraindik beharra zegoela aipatu zuen, bermeak egon daitezen.
Ordezkarien aukeraketa
Iazko legegintzaldia kontuan hartuta proposatu ziren beste hainbat ardura banaketa ere; San Markos Mankomunitaterako, Behemendirako eta Añarberako ordezkariak hain zuzen. San Markoserako UDA-ko Mikel Izagirre eta Miren Kintas, Behemendirako Florentino Ugalde (EAJ) eta Añarberako Herme Gonzalez (PSE-EE). ANV abstenitu zen, gainerakoek alde bozkatu zuten.
Kulturnieta S.A. eta Urnieta Eraiki S.A. batzordeko eta Administrazio Kontseiluko izendapenak egiteko ere baliatu zen saioa. Hala, aipatutako sozietateetan alderdi guztiek bina ordezkari izango dituzte, ANV-k izan ezik. Bakarra izango baitu. Bestalde, Urnietatel S.A. desegiteko alkateak “heriotza-agiria” sinatzea besterik ez dela geratzen oroitarazi zuen.
Liberatu bakarra, oraingoz alkatea
Karguen liberazioak ere zehaztu ziren. Momentuz, alkatearena izango da aplikatuko den liberazio bakarra. Udal gobernuaren lana neurtzen doan heinean eta etorkizunean sor daitezkeen beharretara egokitu eta horiei aurre egiteko liberazio gehiago erabaki ditzaketela iragarri zuen alkate berriak. Erabaki horren aurrean, PSE eta ANV abstenitu ziren eta EAJ-k alde bozkatu zuen.
Horrekin batera, Izagirrek hileko liberazioagatik 2.900 euro kobratuko zituela publiko egin zuen. Hauteskunde programan iragarri bezala, aurreko lana baino gehiago ez zuela kobratuko zioen. EAJ-tik, ordea, soldata arduren baitan jaso behar dela aipatu zuten. Zentzu horretan, EUDEL-ek baremoak zehaztuak dituela gogorarazi zuten. Herme Gonzalezek horrelako kontuek alkatearen irudia desitxuratzen zutela adierazi zuen. Abstenitu egin ziren jeltzaleak eta sozialistak. ANV-k alde bozkatu zuen.
Zinegotzi guztien parte hartzea
Pleno amaieran, udal gobernuaren egoera konpontzeke zegoela gogorarazi zuen EAE-ANV-tik Iñaki Mendizabalek. Lehen bait lehen alde batera edo bestera egin beharra zegoela zioen. Udaleko aktibitate guztia lau zinegotzigok bere gain ezin zutela hartu eta horrenbestez, ardura hamahiru zinegotzirena zela gogorarazi zuen Mendizabalek.
Hurrengo pleno baterako mahai gainean geratu da baita, udalbatzarraren ahalmenak Gobernu Batzordeari eskuordetzeko proposamena. Sozialistek UDA-k aurkeztutako proposamena ez zutela jaso eta ondorioz, aztertu beharra zutela aipatu zuten. EAJ-tik gaia mahai gainean uztera dei egin zuten, bestela aurka bozkatuko zutela. UDA-ko ordezkariek duela lau urte jeltzaleek aurkeztu zuten proposamen bera zela gogorarazi zuten arren, azkenean, gaiaren azterketa beste saio baterako uzteko eskaerekin bat egin zuten.
Legegintzaldi berriko lehen ez ohiko osoko bilkurak nobedaderik ere ekarri zuen. Udalbatza berriak euskaratik gaztelerarako bat bateko itzulpen zerbitzua estreinatu baitzuen. Herritar batzuk hurbildu ziren plenora.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!