Gazteei zuzendutako udako eskaintza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 5a, 13:02

Besteak beste, batukada ikastaroa edota udalekuak.

 

Gazteei zuzendutako eskaintza zabala prestatu dute. Jada, lehen ekimenak burutu dira, gainerakoak abian daude.
Gaztelekutik, Saroberekin batera, dagoeneko hain modan jarri diren batukada ikastaroak antolatu dituzte uztailerako. 12-16 urte artekoei eta helduei eskaintza bana luzatu diete. Nork jakin, ikastaro hauetatik talde berriren bat sortuko ote den.
Gazte Informazio bulegoa ere zabalik izango da, udan zehar. Garai honi erabat egokitutako eskaintza eguneratu dute. Ez baitira gutxi, udako oporraldia bidaiatzeko baliatzen dutenak. Nola joan, zer egin, eta oro har, hainbat herrialderi buruzko informazioa lortu nahi izanez gero, zalantza horien guztien erantzunak bertan aurki daitezke. Bidaiateka zerbitzu gaurkotuan.

Horrekin batera, 14-16 urtekoak pasa den astean Lizarrako kanpinean egon ziren. Piragua, puenting, tirolina edota igerilekuan igeri egiteko hainbat jarduera izan dituzte. 12-13 urte artekoak, ostiral honetan, uztailak 6 etortzekoak dira Riezuko kanpinetik. Izena eman dutenen arabera, datorren astean ere harantz beste talde bat abiatuko da.

ABUZTURAKO IZEN EMATEA ZABALIK
Abian da, baita, Euskara Zerbitzutik bideratutako Eguzkitan Blai ekimena. Uda parteko aisialdirako eskaintza erakargarria hainbat gaztetxo urnietarrentzat. Uda osoan izango da ludoteka zerbitzua, 2001-04 urte artean jaiotakoei zuzendutakoa. Asmo horretan, abuzturako izen ematea jada zabalik dago eta hala egongo da uztailaren 18ra arte. Egapek herriko gune ezberdinetan dituen eraikinetan banatuko dira talde ezberdinak. Txikienak, Arantzubikoan, jolas egiteko aukera zabalarekin.
Jolastu Euskaraz-ekoak, berriz, kirol ekintzak eta uda osoan zabalik izango den igerilekura joateko aukera izango dute. Lizardi kaleko eta Azkorteko eraikinak haien egoitza nagusia bihurtuko dira uztaila amaitu artean. Baina zazpi-hamaika urte artekoek, txangoak egingo dituzte hondartza edota mendi aldera, beste hainbat jarduerez gain. Haientzat guztientzat, beraz, aspertzeko betarik ez uda honetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!