Garai bateko Urnietako emigranteei

Munduan emigrazioa-imigrazioa betidanikoa izan da. Gaur, Euskal Herriari gagozkiolarik, imigrazioaz hitz egiten dugu, baina garai batean, batik bat, gerra aurretik, emigrazio fenomenoa ere eman zen. Eta mundu globalizatu honetan gero eta gehiago emango dira bi fenomenook. Gehientsuenetan bizirauteko lan beharrak bultzarazten du pertsona emigratzera. Zalantzarik gabe azken aukera da, norberarena ez den beste herrialde batera joateak hainbat sentimenduri eta barne aberastasunari uko egitea eskatzen baitu, hots, senitartekoei, etxeari, herriari eta hauekiko dugun lotura estuei. Horiei guztiei agur esatea ez  da xamurra .

Urnietatik ere izan zen gerra aurretik egoera horretan aurkitu eta, derrigorrez, emigrante bilakatu zenik. Nik, nire gurasoena  ezagutu dut bertatik. Enbutegi eta Oiarbi  baserriak utzi eta Gaztelara, gazteleraz ezer asko jakin gabe,  joan behar izan zuten eta, ez noski kapritxoz, lan beharrak eraginda  baizik. Nik nire gurasoei eta, batik bat, aitari eskaini nahi izan diot honako poematxo hau, baina garai hartako emigrante guztiei zabaldu nahi nieke, izan ere, hau ere historia baita, Urnietako historia alegia.

Aitari eta amari omenaldi gisa

“Ene Segurako aitonak
ogia behar zuenean
Castillara joaten ze
jornalaritzara, morroitzara”

Urnietatik Avilara
Euskal Herritik Gaztelara.

Negar malkoz,
bihotza zatiturik
agur esan zenien Enbutegi,
zure jaiotetxeari,
zure ama eta senideei,
inguruko zelai zabal berdeei.
Atzean utzi zenuen
iturritxo hura
nora askotan joaten ginen
uretara

Negar malkoz esan zenion agur
baserriko sukalde luze-zabalari,
non zure ama eta gure amona
harat hona ibili ohi zen.
Beti irribarretsu,
beti bihotz bera.

Bihotz minez utzi  zenituen
hainbeste maite zenituen
pertsonak,
paisaiak eta bide-bidexkak,
eta, nola ez, min sakonez.
Orduan guztien gainetik
gure ama bilakatuko zen
zure maitalea.

“Castillako jornalariek
ogia nahi dutenean
Goierrira joaten dir
jornalaritzara, fabriketara.

Emigrante bihurtu zinen
emigrante euskaldunak
Gaztelara
Castellanoak Euskal Herrira.
Denak, noski, ogi bila,
bidean elkar agurtuz

Avilan ibili naiz
zuon aztarnak
jarraitu nahiez.
Hemen sentitu zaituztet,
hemen eman baitzeniguten
doarik ederrena: BIZITZA

Mila esker. Honez gero
LUR zarete
Baina zuon izpirituak
gure oroimenean darrai.


Felipe Izagirre, Avila, 2005. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!