Gizonezko marokoar bat hil zen, oraindik argitu gabeko arrazoiengatik, gidatzen zihoan motoa bidetik atera ostean.
Moto istripu bat gertatu zen pasa den larunbat gauean, ekainaren 30ean. Ondorioz, gizonezko marokoar bat hil zen gidatzen ari zen Yamaha SR motoa bidetik atera eta itxura denez, eraikin baten aurka jo zuenean. GI-131 errepidean gertatu zen, Andoaingo norabidean, gaueko 23:00ak pasatxo zirela.
Ezbeharra Urnietatik Andoainerako bidea hartzerakoan, itxita dauden gasolindegiak igaro eta lehen biragunean izan zen. Pare horretan kokatua dagoen Aldamuno etxearen ondoan. Aste hasieran, istripuak utzitako arrastoak oraindik nabariak ziren.
Gertaerak ez zuen bestelako zauritu edota kalte materialik eragin. Gidaria motoan bakarrik zihoan eta esan bezala, ez zen inolako talkarik gertatu beste ibilgailuren batekin. Istripua, Puntukako Gidabaimenaren inguruko legea indarrean sartu zenetik, hain justu urtea bete denean gertatu zen.
DATU ARGIGARRIEN BILA
Oraindik ez dira argitu asteburuko istripuaren zergatiak. Horiek ikertzeko asmoz, aste hasieran, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailetik istripu horri lotutako deialdia zabaldu zen. Moto istripuari buruz zerbait zekienak Ertzaintzara hots egitea eskatzen zen. Honako telefono zenbakira; 943 539 125. Lekukoren bat egon, edo inork gertaerari buruzko daturen bat eman eta azken batean, errepidean hildako bat utzi zuen ezbeharra argitu nahian.