Nafarroa aldera, Urdiainera txapelketa batean parte hartzera joan baino ordu batzuk lehenago zuten hitzordua Axel Tranchek eta Joseba Del Barriok Aiurrirekin. Unai Amenabar, Jon Castelar, Bingen Eletxigarra eta Julen Garmendiarekin batera, Kaiku, Urnietako txirrindularitza taldeko jubenil mailako kideak dira guztiak.
Dagoeneko txapelketa erdialdera iritsi dira. Baina oraindik, Kaikukoak ez dira haien punturik gorenera iritsi. “Iaz baino pixka bat baxuagoa doa denboraldia. Baina gora egingo dugula uste dut. Aurrean ibiltzeko aukera asko dugu”, adierazi du Axel Tranchek.
Diotenez, zortea aldeko ez dute izan azken hilabeteetan. Amenabarren erorketak eta Del Barrioren neumoniak zaildu egin du denboraldi hasiera. Baina orain, egoera bere onera itzulita, indarberrituta, datozen norgehiagokei modu indartsuan aurre egitea espero dute. Bai baitute, horretarako modurik. “Asko borrokatzen dugun taldea gara”, aipatu du Del Barriok.
Iazko emaitza hartzen dute erreferentzia gisa, ordukoa mantendu edo hobetu nahian. Hiru lasterketa eta sailkapen orokor bat bereganatu zituzten Kaikukoek. “Lasterketa garrantzitsuena Klasika izan dugu aurten”, adierazi du Del Barriok. Alde eginda ibili ziren bertan.
Antzeko emaitzak lortzeko prestatu behar, eta iaz baino gogorrago entrenatu direla aipatu dute. Beharko, uda honetan ez baitute etenik izango. Haien txapelketa agenda, Gipuzkoan eta Nafarroan jokatuko diren lasterketen inguruan antolatuko da. Aurrez aurre izango dituzte, beste hainbat txirrindulari talde. Gipuzkoa mailan, bat behintzat, kontuan hartzeko modukoa, arerio handiena. “Aurtengo dominatzaile argia, Caja Rural da, Ordiziakoak. Goierri osoa dute”, baieztatu du Del Barriok. Orain artean, lasterketen erdiak haienganatu dituzte.
TOURRA, BEGI BISTAN
Larunbat honetan ekingo zaio txirrindularitza moduan entzutetsuena ez bada, probarik garrantzitsuenetako bati; Frantziako Tourrari. Ezaguna bada, baina iaztik baita “Operación Puerto” delako operazio polizialagatik ere. Ondorioak latzak izan dira hainbat txirrindularirentzat eta kasua, orain, ezerezean geratu dela badirudi ere, horren guztiaren eragina hor dago. Oihartzuna adin ororetako txirrindularirengana iritsi da. “Ehiza egin nahi izan da. Fama txarra jartzen dute. Txantxetan baina guri ere hor amaituko dugula esaten digute. Tristea da jubeniletan ere hori entzutea”, adierazi du Tranchek.
Dagoeneko kirol honetan dabiltzanak etiketadunak direla aipatu dute eta frogarik gabe akusazioak egin izana, “txapuzatzat” jotzen dute.
Polemikak alde batera utzita, Tourraren jarraitzaile ere badirenez, irabazle posiblea, punta-puntan nor ibiliko den galdetuta, hona hemen, urnietarren aukerak; Axelen ustez, Valverde; Josebarentzat, Vinokourov.
TXIRRINDULARIEI DEIA
Aurten, adinari lotutako arrazoiak tarteko, taldean aldaketak izan dira. Iaz, bigarren urteko jubenil mailan aritu zirenak, aurten, afizionatu mailara igaro dira. Modu berean, Jon Castelar kadete mailatik jubeniletara igo da.
Denboraldia datorren urrian amaituko dute. Bizpahiru hilabeteko etenaldiaren ostean, urte berria hastearekin batera ekingo diote sasoi berriari ere. Baina, aurten bezala, aldaketak izango dira 2008ko denboraldian. UKE Txirrindularitza taldea kolokan dago, parte hartzeari dagokionean. “Urnietan azken urtea dugu. Alebin bat eta jubenil bat geldituko lirateke datorrenean”, gogorarazi du Del Barriok. Hori dela eta, txirrindularitzan hasi nahi dutenei deia luzatu nahi diete.