Aurten, Azaroaren 17an 100 beteko ditu Azkorteko ikastetxeak. Ni, sei urte nituenean hasi nintzen ikastetxe horretan. Orduan, bi gela zituen, bat neskentzako eta bestea mutilentzako, maisu bat eta maistra banarekin.
Ikastetxea txikiegia geratu zenez, altxa eta gainean beste bi gela egin zituzten. Lau gela sortu ziren horrela, lehendabiziko solairuan mutilak bi geletan bi maisurekin eta bigarren solairuan neskak, bi maistrarekin.
Sei urte bete arte ez zegoen bertan hasterik. Presentacion de Maria-ko monjak ordea eskola bat sortu zuten eta bertara hiru urterekin joan zitekeen, hor jada bai, dena erderaz zen eta ordaindu egin behar zen.
Presentacion de Maria-n 100 haurrentzako tokia bakarrik zegoenez, Umietako haur gehienak sei urte egin arte etxean egoten ziren.
1966. urtean ikastola bat sortu genuen. Inolako baimenik ez zegoen garai hortan eta elizaren izenean ireki genuen, dena euskaraz eta ordainduta. Hiru urterekin hasten ziren haurrak, gaur Sarobe dagoen lekuan, eta guraso askoren laguntzarekin atera genuen aurrera. Taberna bat ere jarri genuen, hau ere Saroben eta Sanmieletan tonbola bat jartzen genuen andereñoa ordaindu eta beste gastuentzako dirua behar baitzen.
Izen bat jarri behar ikastolari eta Elvira Zipitriak gomendatu zigun "Egape ikastola" jartzeko, Egape-k "babesa" esan nahi zuela eta.
Egape ikastolaren sorrerari buruz gauza gehiago jakin nahi duenak, ikastolan egongo dira ikastolako 25. urte mugan atera genituen liburuak.
Gaur egun, poza ematen du hazi txiki batetik horrenbeste hasi dela ikustea, garaian garaiko gurasoen laguntzaz.
Eskerrik asko eta jarraitu aurrera!!