Angel Galan, Tokiko Tenis Txapelketako garaile.

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 5a, 12:43

Ospatu eta berehala, Urnietan jokatuko den hurrengo lehiaketan izena emana du. Bestalde, entrenatzaile baimena aterata du eta uda honetan, jokatzeaz gain, tenis ikastaroak eskainiko ditu Urnietan edota Donostian

Txapelketa irabazita, ondo joan dela esan behar?
Angel Galan: Ondo joan da. Ondo pasa dugu izena eman dugun sei jokalarion artean. Aldez aurretik antolatu izan diren torneoetatik elkar ezagutzen genuen.

Ez da oso txapelketa luzea izan?

A.G.: Lehenik, denon aurka lehiatu ginen; bost partida guztira. Lehenengo laurak finalerdietarako sailkatu ginen. Eta hortik finalistak eta hirugarren eta laugarren postuak erabaki ziren.

Finala ekainaren 15ean. Kronika egiguzu.

A.G.: Jose Miguel Sanchezen aurka jokatu nuen. Atarikoa ere jokatu genuen, baina orduko hartan, emaitza estuagoa lortu nuen. Finalean gusturago eta erosoago aritu nintzen. Markagailuari begira partida erraza izan zela dirudi; 6-2, 6-3. Baina partida luzea izan zen, bi ordu iraun zuena. Eta izerdi dezente bota genuen.

Tokiko txapelketa amaituta, dagoeneko hurrengoan izena eman duzu?
A.G.:
Udakoan. Luzeagoa izango da, ziur aski, oporretara joateko abuztuan etengo baita. Irailean jokatuko dira finalak. Kasu honetan, txapelketa irekia da. Talde jator bat bildu, ondo pasa eta lehia ederra egon dadila.

Tenisak zer nolako lekua betetzen du kirol eskaintzaren barruan?
A.G.:
Azken aldian, tenisean nahiko aurrerapen ematen ari da. Futbolaren atzetik koka daiteke. Punta-puntako kirol modalitateetako bat da. Jokalari dezente atera dira komunikabideetan eta horrek neurri batean, jendea animatzen du. Etxetik raketak hartu eta gehiago jokatzera bultzatzen du.

Behar adinako tartea du, edo gehiago beharko luke?
A.G.:
Albistegietan ere zertxobait gehiago bultzatuko balitz, hobeto. Futbolari buruz hamar minutu hitz egiten badute, tenisari bi minutu eskaintzen dizkiote. Baina pixkanaka hori ere aldatzen ari da.

Futbolean zer gertatzen den ikusita, izar handiak falta al dira tenisean?
A.G.:
Garai batean, Berasategi delako bat izan zen tenisean. Oso ona zen. Ordutik, euskal tenis jokalaririk ez da egon. Horrelako kirolari baten falta dago, jendea gehixeago motibatzeko. Nik uste dut, epe motzean sortuko dela.

Tenisean jokatzeak zer du beste kirol ekintzek ez dutenik?
A.G.:
Oso kirol modalitate polita eta garbia da. Indibiduala da, aurkaria ikusten ari zara eta hor zuk egiten duzunak soilik balio du. Oso kirol mentala da. %80 psikologikoa da; lasai egotea, partidako une bakoitza neurtzea... Estrategiek asko balio dute tenisean. Jokalaria ezagutu behar duzu eta horren arabera, modu batean edo bestean jokatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!