Hogei talde ziren lehian eta horien artean zegoen Asteasuko taldea. Laugarren postua erdietsi zuten asteasuarrek.
Euskal Herriko osoko hogei talde bildu ziren Idauze-Mendin pasa zen larunbatean. Bero zakarra izan zen eguneko protagonista eta hori ederki sumatu zuten kirolariek. “Bero handiegia zegoen kirolean aritzeko”, adierazi du Asteasuko taldekide den Maitanek.
Hamabi pertsonez osaturiko taldea joan zen Xibako finalera. “Aurrez entrenatzeko bildu izan gara. Taldeko entrenamenduak egiteko, herriko aparkalekua da gure bilgunea. Astean behin bildu gara saio horiek egiteko, baina bakoitzak bere aldetik ere egin ditu entrenamendu saioak, batez ere harri jasotzen edota trontzak aritu behar zutenek.
Gorputza ohitzea eta fondo pixka bat hartzea zen helburua”, azaldu du Maitanek.
Xiba txapelketan parte hartzeko, hamabi kirolariz osaturiko taldea aurkeztu behar da eta derrigorrez, taldekideen erdiak neskak izan behar dute. Talde sendoa dute asteasuarrek eta horren lekuko iaz lortutako garaipena eta aurtengo laugarren postua.
Beasain garaile
Beasaingo taldeak lortu du aurtengo Xiba txapelketako garaipena etxeratzea: “Aurten aurkeztu dira Xiba txapelketara lehendabiziko aldiz eta oso indartsu atera dira”, azaldu du Maitanek.
Eskualdeko taldeen artean, Asteasukoa izan da finalerako txartela lortu duen bakarra: “Zizurkilgoek ere parte hartu zuten, baina ez zuten lortu finalera pasatzea”.
Froga ezberdinak bete behar izaten dituzte Xiba txapelketan: “Auzo lana izeneko alorrean hiru froga egiten dira: lokots biltzea, txingak eta zaku edota zama lasterketa. Altxa jaso izeneko alorrean berriz harri jasotzea, lasto altxatzea eta ingudea. Horrez gain, xiba botatzea, birla edo boloak, sokatira, trontza, dantza eta mus saioak ere egin behar ziren”.
Goizean zehar egin zituzten froga guztiak eta elkarrekin bazkaldu ondoren banatu ziren sariak. “Urteak daramatzagu parte hartzen eta pixkanaka, beste herrietako jendea ezagutzen joan gara. Frogak egiten ari garen bitartean ez dugu jendearekin hitz egiteko denbora gehiegi izaten, baina bazkaltzeko garaian aurkitzen dugu horretarako tartea”, dio Maitanek.
Iaz ere, aurten bezala, herriko festekin batera egokitu zen Xiba txapelketa: “Gauean garaizago erretiratzera behartzen gaitu txapelketak, bestela ez ginakelako ondo arituko. Herriko festetan lagunak utzi eta etxera joateak pena pixka bat ematen du, baina gainerakoan ez genuke fundamenturik egingo”, dio Maitanek.