Orain aste gutxi abian jarri den proiektua da kantu taldearena, baina momentuz behintzat, jendearen erantzuna ona izan da. Gazte eta heldu, 20 lagun inguru elkartzen da asteazkenero, iluntzeko zazpietan, Iriarte kultur etxean. Helburua, abestuz ondo pasatzea. “Garrantzitsuena da jendea pozik eta gustura etortzea. Biltzen garen guztiok helburu bera dugu, ondo pasatzea eta euskal abesti zaharrak berreskuratu eta kantatzea”, adierazi du Itsaso Gonzalez Aiztondo Mankomunitateko kirol eta kultura dinamizatzaileak.
“Donostiako Alde Zaharrean dagoen kantu taldearen ereduari jarratuz otu zitzaigun eskualdean ere horrelako taldeak bultzatzea. Alkizan eta Asteasun sortu dugu talde bat eta Adunan eta Larraulen ere saiakaera egin zen. Zizurkilen proiektua martxan jartzeko, Lurdes herritarrarekin hitz egin nuen, eta bion artean egin dugu deialdia”, adierazi du Gonzalezek.
Euskal kantuak
Euskal abesti zaharrak izango dira talde horren oinarria. Pedro Mari Otaño herritarra izanik, bere kantuak landuko dituzte bereziki, baina oro har, euskal tradizioko kantuak izango dira abestuko dituztenak. Aiztondoko dinamaizatzaileak aipatu digunez, “lehenengo entzun egiten dugu abestia CD batean eta gero entzundakoa lantzen saiatzen gara”. Horretarako Villabonako txistulari bat ere hubildu zaie azken bileretan, txistu doinuen laguntza paregabeaz kantatzeko.
Zalantzarik gabe, orain arteko erantzunarekin gustura daude. Gehienak emakumeak izan arren, adin ezberdineko jendea hurbildu da taldera, bai Zizurkil goikoak eta baita behekoak ere. Hala ere, Itsasok esan bezala, “orain artekoa hasiera besterik ez da”.
Kantu-Jirak
Abestea gustuko duen edonori deia egiten diete asteazkeneroko saioetara hurbiltzeko. Hala ere, garbi utzi nahi dute ez dutela abesbatza sortu nahi. “Kaleko talde bat izan nahi dugu. Kantu-jira ezberdinak egitea gure asmoen artean dago. Emanaldien ordez, kantu-jirak egin nahi ditugu, herrian kantu giro hori sortuz”, zehaztu du Aiztondoko dinamizatzaileak.
Lehen kantu-jirak prestatzen hasi dira jada. “Abuztuko festetan zerbait egitekotan gabiltza, eta gero ikusiko dugu irailerako beste zerbait egiten dugun”. Bide horretan, herritarrak animatu nahi dituzte, nahiz eta asteroko saioetara ez etorri, herrian zehar antolatuko dituzten kantu-jiratan parte hartzera. Astero biltzen direnek garbi dute, “abestea euskaldunen tradizio zoragarri bat da eta berreskuratu egin behar dugu”.