Ugaitz Artola, punta-puntan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko uzt. 5a, 12:05

Ugaitz Artola 23 urteko gaztea txirrindularitzan buru-belarri dabil. Azpiru txirrindulari taldeko kide da eta emaitza bikainak lortzen ari da azken urtean.

  

Joan zen ekainaren 23an, Quebrantahuesosko txirrindulari itzulian hirugarren postua lortu zuen. Froga gogorra izateaz gain, oso jendetsua ere bada; horren adibide, parte hartzaile kopurua: 7500 txirrindulari. Hueskako Pirinioetako itzulian sortu zen giro ona nabarmendu du Ugaitzek, “ikaragarrizko giroa zegoen, Frantziako Tourra zirudien. Ikusleen artean 30.000 pertsona bildu zen. Furgoneta eta karabana piloa ikusten zen bide bazterretan. Koadrilako lagunak ere gerturatu ziren animatzera eta asko pozten nau horrek. Lagun taldeko beste bi kidek ere parte hartu zuten itzulian”. Egin zuen marka ikusita, dudarik ez, sasoi betean dago Ugaitz, “Mikel Hazparren, ekipoko buruari laguntzera joan nintzen eta hirugarren iritsi nintzen. Bai, forma onean nago orain”.

Azpiru taldeko kidea

Iaz sortu zen Azpiru txirrindulari taldea eta bertako kide da Ugaitz. “Euskal Herriko txirrindulari gazteak gara gehienak, baina euskaldunez gain, Uruguaiko eta Kolonbiako bi txirrindulari ere badaude taldean, baita espainiarrak ere”. Copa España eta Euskaldun torneoko lasterketatan hartzen dute parte denboraldian zehar. “Maiatzean amaitu zen Copa España. Euskaldun torneoak, berriz, urte guztian zehar irauten du eta Euskal Herri mailako lasterketa guztiak sartzen dira. Postuen arabera, puntuaketa bidez neurtzen da torneoa. Momentuz, Ferrari taldekidea dago lehen postuan; hirugarrenean nago ni”. Aurrera begira, Elgetako lasterketa dute laster, “mendiko froga izaten da Elgetakoa. Dena irabazi nahi izaten dugu, baina egutegian marka egina daukat, mendian nahiko ondo moldatzen bainaiz. Horren ondoren, Goierriko itzulia daukagu irailean. Hiru egun irauten du. Ea ondo ibiltzen garen”. Txirrindulari bakoitzak bere erara egiten ditu entrenamenduak, baina prestatzaileak badituzte, “igandean karrera izan badugu, pare bat orduz lasai entrenatzen dugu astelehenean. Bestela, bost edo sei orduz ibiltzen gara. Esaterako, Quebrantahuesosko froga prestatzeko, bertara joan ginen eta aurrez karrerako ibilbidea egin genuen, portuak ezagutu eta fondoa hartzeko”. Afizionatu mailan dabil Ugaitz, baina aurrera begira, profesionaletara salto egiteko aukera izan dezake. “Momentuan momentukoa. Nik ez dut gaiarekin obsesionatu nahi. Gustura nabil oraingoz eta ikusiko dugu gero. Gure kasuan, ez da futbolean bezain erraza salto hori ematea”.

Txirrindularia eta kirolzalea
Hamar urtera arte pilotan jokatu zuen Ugaitzek Behar Zana elkartearekin. Ondoren, futbolean ibili zen hamasei urtera arte: Villabonako taldean aurrena, Antiguokon gero. Futbola utzi zuenean, korrika ibili zen urtebete eta, hemezortzi urte zituenean, Irrintzi elkarteko Trans-Ernio taldearekin bizikletan hasi zen. “Bospasei urte daramatzat bizikletan. Berandu hasi nintzen, baina segitzeko gogo biziz nago”. Neguan, denboraldia amaitzen dutenean, kirol ezberdinak tartekatzea gustatzen zaio, “bizikletak beste kirolik ez egitera mugatzen gaitu, hankek asko sufritzen baitute bestela. Hori dauka alde txarrena. Niri beste kirolak ere gustatzen zaizkit eta irailetik abendura korrika, mendiko bizikletan edo futbolean ibiltzen naiz”. Hala ere, bizikleta behar-beharrezkoa du Ugaitzek. “Gorputzak eskatu egiten dit. Lasai sentitzen naiz bizikletan ibili eta gero”. Punta-puntan egoteak zaintzea eskatzen du, “dezente zaindu behar izaten dugu. Afari eta parranda gutxi egiten dut. Lagunek ulertzen dute eta animatu egiten naute. Asko eskertzen dut hori. Neguan bai, orduan gehiago ateratzen naiz”. Txirrindularitza eta lana uztartzen ditu astean zehar, “gauza bat baino gehiago egitea gustatzen zait eta osaba nagusi dudanez, lanegun erdia eskaini zidan. Batzuetan neketsua izaten da, baina gustuko lekuan aldaparik ez”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!